Unibertsitatea

UPV/EHU, mundu-mailako abangoardian

Edozein larrialdi-egoeratan, ohikoa izaten da txistu-hots bereizgarri horiek igortzen dituzten “walkie talkie” handi horiek erabiltzen ari diren suhiltzaileak, zerbitzu medikoak eta polizia ikustea, elkarrekin eta aginte- zentroarekin hizketan edozein gorabeheraren aurrean erantzun eraginkorra koordinatu ahal izateko.

Era horretako komunikazioei “misio kritikoko komunikazioak” izena eman izan zaio edo, laburbilduta, “komunikazio kritikoak”. Termino hori sendoak eta seguruak izan beharrarekin eta une eta egoera orotan eskuragarri egon behar izatearekin lotuta dago (baita jazoera larrien - hala nola hondamendien- edo ekitaldi masiboen -hala nola jaialdia kirol-ekitaldia edo ospakizunen- kasuan ere).

UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako NQAS ikerketa-taldea, hain zuzen ere, belaunaldi berriko larrialdiko komunikazioen arloan ari da lanean eta Ministerioak Espainiako Gobernuaren Eraldaketa Digitalerako emandako 3,25 milioi euroko zenbatekoa jaso du.

“Gaur egun, telefono adimendunen eta 5G (eta laster 6G) ospetsuen garaiotan, paradoxa dirudi larrialdietako kidegoek erabiltzen dituzten komunikazioak 90eko hamarkadako teknologian oinarrituta egotea. Teknologia horrek, funtsean, ahots deiak egitea eta mezuak bidaltzeko gutxieneko gaitasuna izatea ahalbidetzen du. Bien bitartean, gure egunerokotasunean, multimedia informazioa partekatzeko, bideoak bidaltzeko, kokapen aurreratua partekatzeko, sentsoreen informazioa bidaltzeko, dronak erabiltzeko eta abarretarako hamaika aplikazio ditugu guztiok”, azaldu du Fidel Liberak, Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasle eta NQAS taldeko ikerlari nagusiak.

Hutsune horretaz jabetuta, ikerketa talde horrek 15 urte inguru daramatza “banda zabaleko misio kritikoko komunikazioak” izenekoetarako trantsizioan aurrera egin ahal izateko teknologia ikertzen eta garatzen. Denbora tarte honetan, nazioarteko erreferente bihurtu da ikerketaren eta estandarizazioaren arloetan, interoperabilitatea sustatzen eta teknologia transferitzen. Bide horri 2011n ekin zion, Europako GERYON proiektua zuzenduz. Proiektu hark sare mugikor komertzialen (ordu hartan 4G) segurtasuna eta sendotasuna handitzea eta, telefono adimendunetako aplikazioak erabiliz, komunikazio kritikoak eskaintzea zuen helburu. Urte batzuk geroago, komunikazio mugikorrak estandarizatzen dituen 3GPP erakundeak ere bide berari ekin zion eta, hala, taldea era horretako teknologiak ikertzeko abangoardian kokatu zen. Horren ondoren, gainera, 5Grako bidean Europako beste proiektu batzuk ere iritsi ziren: 5G SESAME eta 5G ESSENCE, esate baterako.