Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Fernando Tapia Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak eta Aitor Zurimendi idazkari nagusiak III. Inklusio Planaren (2019-2022) balantzea aurkeztu zuten hedabideen aurrean, eta planak, programa guztietan, oso emaitza onak izan dituela adierazi zuten.
Aurreko inklusio-planak desgaitasunen bat zeukaten ikasleei eta hezkuntza-premia bereziak zituzten ikasleei zuzenduta zeuden. Hirugarren plan horrek inklusioaren kontzeptua beste talde batzuetara zabaldu zuen, bazterkeria edo marjinazioa jasateko edo zaurgarri izateko arrisku handiagoa zutelakoan, eta, horrela, planean sartu ziren baliabide ekonomikorik ez duten ikasleak, familia-babesik ez dutenak, asiloa eta babesa eskatu dutenak edo egoera pertsonalaren ondorioz laguntza psikologikoa behar dutenak.
Hirugarren plan horren helburuak eta ekintzak lau etapatan banatuta zeuden, bata bestearen ondotik betetzeko: lehenengo etapak unibertsitate aurreko fasea hartzen zuen, eta unibertsitatera sartuz gero laguntza beharko zuten pertsonen jarraipena egin zen; bigarren etapak sarbide-fasea hartzen zuen, eta, hirugarrenak, unibertsitatean bertan ikasten ari diren garaia; laugarren eta azken etapan, laguntza eman zitzaien irteera profesionalari begira erabakiak hartzeko.
Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen hitzetan, “III. Inklusio Planak iraun duen lau urteotan, 5.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute antolatutako programetan: desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko programa; arreta psikologikoa; Arrakasta programa, babesgabetasun egoeran dauden gazteei babes akademikoa ematekoa; ikasleentzako jarraitutasun akademikorako laguntza ekonomikoak; errefuxiatuentzako arreta programa… Horrek guztiak agerian uzten du errektoretza taldea ez dela helburu horrekiko konpromisoa duen bakarra; izan ere, gure unibertsitate publikoan lan egiten duten pertsona guztien borondatez bultzatzen da asmo hori, konpromiso irmoa baitugu gaitasun intelektuala eta borondatea dituzten pertsona guztiek goi-mailako ikasketak egiteko aukera izan dezaten bultzatzeko, hartarako eskubide legitimoa dute eta”.
Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuaren konpromisoak dira, batetik, aukera berdintasuna eta, bestetik, desgaitasunen bat daukaten ikasleen eta, oro har, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen arreta hobetzea Zerbitzu horrek 3.619 lagun hartu ditu hirugarren plan hau indarrean egon den bitartean, hau da, aurreko biekin alderatuta, % 34ko igoera izan du. Bestalde, denbora tarte horretan bertan, 185 ikaslek parte hartu zuten inklusioarekin lotutako boluntariotza programetan.
Arreta Psikologikorako Zerbitzuak, bestetik, 1.316 ikasle hartu zituen banakako kontsultan. Azpimarratzekoa da 2019-2020 ikasturtean, pandemia betean, banakako kontsultan hartutako 323 lagunetatik % 20k online egin zutela kontsulta. Era berean, nabarmendu behar da pandemian 763 ikaslek parte hartu zutela online bidezko prebentzio programetan. Pandemiaren ondorengo bi ikasturteetan (2020-2021 eta 2021-2022) 408 eta 581 izan ziren, hurrenez hurren. Guztira, 1.752 ikaslek hartu zuten parte online bidezko prebentzio programetan, plana indarrean egon den bitartean.