Unieskubideak

Terrorismoaren biktimen eskubideak (I)

Terrorismoa, zer da 

Pertsona, talde edo erakundeen aurka erabiltzen den legez kanpoko indarkeria mota bat da, beldurra eta izua (ikara) eragiteko, erabakiak baldintzatzeko eta helburu jakin batzuk lortzeko, normalean izaera politikokoak. Pertsonen giza eskubideak urratzen ditu, gorrotoaren kultura garatzen du eta gizarteen funtzionamendu demokratikoari erasotzen dio. 

Nola erasotzen die terrorismoak Giza Eskubideei? 
Immanuel Kant filosofoak adierazten zuen pertsonak helburu bat direla berez, ez beste gizabanako batzuen erabileretarako bitarteko bat, horrek gauza soil bihurtuko bailituzke. Hala ere, terrorismoan pertsonak subjektu izateari uzten dio, objektu bihurtzeko. Gizaki orok izan behar dituen duintasuna eta eskubideak kentzen dizkio, erakunde terroristaren bitarteko bihurtzeko, bere helburuak lortze aldera.

Tamalez, giza eskubideen urraketa hori munduko zati handi batean gertatzen da, baita zugandik oso gertu ere. Datu beldurgarri bat dago: Espainian bakarrik, ia 1.500 lagunek galdu dute bizia 1960tik ekintza terroristen ondorioz. Terrorismoak eragin zuzena eta negatiboa du giza eskubideen egikaritzan; batez ere, bizitzeko eskubidean, askatasunean edo osotasun fisikoan, baina, horrez gain, erakunde demokratikoak, herrialdeen arteko harremanak eta garapen sozial eta ekonomikoa ezegonkortzen ditu. Guztion arazoa da, egungoa eta larria.

Protagonistak
Giza eskubideen urraketei heltzeko, beti hartu behar da kontuan beste batzuen indarkeria boluntario, kontziente eta bidegabea jasan duten pertsonen egoera. Indarkeria terroristaren kontakizun bat egingo bagenu bere biktimei protagonismoa eman gabe, azkenean indarkeriazaleen, biktimarioen kontakizun bat baino ez genuke egingo. Terrorismoak helburu politikoak bilatzen ditu ia beti, eta, horien aurrean, era inpartzialean lan egin behar da, baina ez era neutralean, ekintza giza eskubideen aurkakoa bada. Daniel Innerarity filosofoak dioen bezala, “kontua ez da erasotzaileen eta erasotuen arteko itun bat lortzea, indarkeriaren eta demokraziaren arteko erdigune moduko batean topo egiteko”. Horregatik, ikusle pasibo, bihozgabe edo hotzepela izan gabe lan egin behar da. Pertsonen eskubideetan ez dago neutraltasunik. Inoiz ez dago erdigunerik biktimen eta borreroen artean. ETA izan da Espainian kalte gehien eragin duen talde terrorista, baina biktima gehien eragin dituen ekintza 2004ko martxoaren 11ko atentatu jihadistaren eskutik etorri zen.