Uniozio

Oinarrizko Mugimenduak Artiumen (II)

Praktika artistikoen eta gizarte-mugimenduen arteko gurutzaketak interes handiko unea aurkitzen du Vitoria-Gasteizko erlijio-arkitekturan. Erakusketak, alde batetik, kultu-guneak berritzeko apustua islatzen du, Vatikanoko II. Kontzilioaren testuinguruan gizartea prestatzeko, elkartzeko eta biltzeko toki gisa planteatuak. Hirian hiru eliza eraiki ziren 1958 eta 1968 artean, 50 eta 60ko hamarkadetako industria-garapenak Euskadin eragindako hazkunde demografiko handiaren ondorioz proiektatutako langile-auzo berrien eraikuntzarekin lotuta. Industrializazio horrek bizi-baldintza berriak ekarri zituen, eta eztabaida sozial, ekonomiko eta politikoak kalea hartzen hasi ziren agertoki nagusitzat. Erakusketa honetan, Luis Peña Ganchegui arkitektoaren obra aipagarria den Asisko San Frantzisko parrokiazentroan 1976ko martxoaren 3an izandako gertakarietan gauzatzen da hori guztia. 

Era berean, hamarkada hauetan ekoitzitako arteak Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo hartu zuen lekua azpimarratzen da. Horrela, erakusketa erreferentziazko erakusketetara hurbiltzen da, Iruñeko Topaketetara (1972) eta nazioarteko hitzorduetara, hala nola 1957ko Sao Pauloko Bienalera, Oteizarekin, eta Veneziako Bienaletara: 58kora Eduardo Chillidarekin, 86kora Cristina Iglesiasekin, eta 88kora Espainiako pabiloia partekatu zuten Susana Solanorekin eta Oteizarekin. Artisten arteko beste topaketa batzuk ere sartzen dira, hala nola 1964ko Kasseleko Documenta, Chillidak eta Antoni Tàpiesek parte hartu zutena. 

Berrantolaketa hau, gainera, aurreko urteetan bildumari lotutako erakusketetan eta ikerketetan landutako aldi baterako erakusketen eta azterketa-kasuen esparruan sortutako ikerketak biltzeko eta garatzeko espazio bat da. Horrela, Juan Antonio Sistiagaren eta Esther Ferrerren obrak gehitu dira, Adierazpen Libreko Tailerrean (TEL) izandako esperientzia pedagogiko esperimentalen bidez; Euskadin hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran eta laurogeiko hamarkadaren hasieran antolatutako jardunaldi eta erakusketa feministak; Euskal Eskolaren sorrera hirurogeigarren hamarkadan, eta bi hamarkada geroago EAErena -Euskal Artisten Elkartea-, edo Mitos y delitos (1984) kolektiboarena, gerora «Euskal Eskultura Berria» izenez ezagutuko zena aurreratzen zuena. Ikerketa-kasu horien esparruan kokatzen dira CVArenak bezalako esperientziak (María Luisa Fernández eta Juan Luis Moraza artistek osatua), zeinen artxiboa museoaren funtsen parte baita. Kolektiboaren piezen artean, berriz agertzen da AU, kolektiboaren lanetako baten izenburua, testu honi eta erakusketa-proiektuari hasiera emateko erabili genuen izenera itzultzen gaituena. 

Laurogeiko hamarkadatik laurogeita hamarrekora bitarteko aldaketa esanguratsua izan arren eta, ziur aski, bere garaian modu nabarmenean hauteman bazen ere, zuhurtziaz hurbiltzea merezi du. Haustura paradigmatiko edo eroaldi argiztatu bat baino gehiago, orainaldi-etorkizun trinko eta lausoaren zentzua ekarri zuen. Laurogeietako irudi garbiak, zeinuak eta testuak ordezkatuz, aldiaren egiteko moduak hain ulergarriak ez ziren praktiken hiztegia nabarmendu zuten: keinuak, ekintzak eta performanceak, gorputzak, identitateak eta politika. "Errealaren itzulera" hau eta haren deriba anitzak, besteak beste, Ion Munduate/Mugatxoan, Álvaro Perdices, Itziar Okariz eta beste artista batzuen lan eta proiektuetan agertzen dira Bilduman. 

Hauk arreta jartzen du, halaber, obra hauek lehen aldiz ekoitzi eta erakutsi ziren lekuetan, hamarkada horretan hainbat erakusketa-espazio, formatu eta testuinguru sortu baitziren museoen eta galerien horma zurietatik harago. Horrek, artearen eta erakusketen ahalmen mugagabea baino gehiago, norabide berrien bilaketa zalantzazkoa ospatzen zuen une bati erantzun zion.

Erakusketa-proposamenak hautsi egiten ditu kronologiak, eta orain artekoari erreparatzen dioten jarraitutasunak proposatzen dira, erakusketan obrei eta proiektuei esanahi berria ematen eta testuinguruan kokatzen laguntzen dutenak. Bilduman berriki sartutako erosketa eta dohaintza berriak ere aurkezten dira. Horien artean, aipatzekoak dira Nestor Basterretxearen familiaren artxiboak, Juana Cima artistaren funtsa eta Juncal Ballestín eta José Félix González Placer-en legatuak.