"Hau" erakusle bat da, eta hurbiltasuna adierazten du. Erakusleak hitz egiten duenaren eta hizpide den gaiaren arteko distantzia adierazteko baliatzen dira. Hala, kokatzen laguntzen dute, posizio bat zehazten baitute. Baina hau hitzak baditu beste adiera batzuk beste testuinguru batzuetan. Marcel Mauss frantses antropologoak Essai sur le don (1925) saiakeran aditzera eman zuenez, maorien artean, emandako objektuei atxikitzen zaien balio espirituala da hau. Museoaren definizioa, historikoki, haren bildumatik dator, guztiona den eta jakintza sortzen eta komunitatea imajinatzen laguntzen duen funts baten izaera publikotik.
Adiera bikoitz horrek atariko modura dihardu museoaren bildumaren funtsen berrantolaketan, berrogeita hamarreko hamarkadan hasi, Mari Paz Jiménez, Jorge Oteiza, eta Néstor Basterretxea Latinoamerikatik itzultzean, eta gaur egunera arteko tartea harturik, Hal Foster teorialariak “erreala denaren itzulera” deitu zuena ikertuz. Abiapuntu ditu oinarrizko mugimendu batzuk, zeinek aktibatzen baitute beti eraikuntzan dagoen narratiba bat. Aurkezpen honek ehundik gora artelan, dokumentu eta artxiboko material biltzen ditu, XX. mendearen bigarren erdian artistek eraikitzen lagundu zuten testuinguruak eta artistek lanean jardun zuten testuinguruak ikertzeko bidea ematen dutenak.
Bilduma Hau: deskribapena
"Hau" erakusle bat da, hurbiltasuna adierazten duena. Erakusleak hitz egiten duenaren eta hitz egiten denaren arteko distantzia adierazteko erabiltzen dira. Hizkuntza askotan hiru gradu daude: hemen dagoen hau, hor geratzen den hori eta han dagoen hura. Distantzia honek espazioari ez ezik, denborari ere egiten dio erreferentzia. Denbora adierazteko erabiltzen denean, diskurtsoa egiten den uneari egiten dio erreferentzia: orain, duela gutxi edo atzo. Funtsezkoa da agerian uztea mezua nondik eta noiz igortzen den, nork proposatzen duen ikuspuntua. Erakusleek, alde horretatik, kokatzen laguntzen dute, posizio bat argitzen baitute.
Baina "hau" hitzak beste testuinguru batzuetan esanahi desberdinak ere baditu, han, urrun. Marcel Mauss antropologo frantsesak bere liburu ezagunenean, Essai sur le don. Forme et raison de l'échange dans les societés archaiques (1925), jasotzen duen kontakizunari jarraituz, hau, maorien kultura polinesiarrean, dohaintzan emandako objektuei ematen zaien balio espirituala da. Kasu honetan, hau, oparitzen diren gauzen arima da, animatzen dituena eta norberaren zati dena, eta truke bat egiten denean, dohaina itzultzera edo erreproduzitzera behartzen duena. Museo baten definizioa, historikoki, bere bildumatik dator, guztiona den eta ezagutza sortzen laguntzen duen obra-funts baten izaera publikotik -dohaina-, komunitate bat irudikatzeko aukera ere ematen duena.
Adiera bikoitz horrek Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren bildumaren funtsak berrantolatzeko atariko gisa funtzionatzen du. Berrantolaketa hori berrogeita hamarreko hamarkadan hasi zen, eta gaur egunera arte iritsi da oinarrizko mugimendu batzuetatik abiatuta. Mugimendu horiek, aurreko berrantolaketan bezala, beti eraikitzen ari den narratiba bat aktibatzen dute. Erakusketa honek ehun artelan, dokumentu eta artxiboko material baino gehiago biltzen ditu museoko aretoetan, eta tentsioak eta topaketak eragiten ditu hartzen dituen bost hamarkadetan sortutako arte-adierazpenen artean.
Edozein irakurketa orainalditik egituratu, iragana interpelatu baina, era berean, etorkizunean proiektatzen den enuntziazio bat dela jakinda, erakusketa honen kronologiak hausturak eta denbora-gainjartzeak ditu bere ibilbideetan. Era berean, proposatutako ibilbideek testuinguru hurbileneko eztabaidak eta praktikak nazioarteko eremuetan izandakoekin lotzeko balio duten obrak eta artistak ere biltzen dituzte.
Erbestealdiaren amaiera eta Mari Paz Jiménezek 1945ean, Jorge Oteizak 1948an eta Néstor Basterretxeak 1952an Latinoamerikako herrialdeetan egindako bidaien eta egonaldien itzulera hartzen dira abiapuntutzat.
Arantzazuko basilikaren proiektuaren inguruan bildutako komunitate artistikoari forma ematen dion genealogia bat. Era berean, funtsezkoa da Francoren diktaduraren aurka argi eta garbi agertutako artista eta idazleek hirurogeiko hamarkadan errepresaliatutako langileen egoeraren aurrean erakutsitako konpromisoa, hala nola Estampa Popularreko María Franciska Dapenak eta Agustín Ibarrolak, edo Gabriel Aresti, Blas de Otero eta Gabriel Celaya bezalako poeten ahotsak; hain zuzen ere, azken honengandik hartu dugu 1947an idatzitako Movimientos elementales poemaliburuaren izena.