Uniozio

Objektuak mihiztatzen Artiumen (II)

Eskultura laua

Zer da 'eskultura laua'? Laua: horizontala, zorutik hurbilekoa; laua: herrikoia, artisautzarik gabea; laua: zapala eta horren erakoak. Eskultura laua edozein gizakiren bulkada sortzaile, konbinatorio, ludiko eta estetikotik sortzen dena da; batzuetan, ezta hori ere. Objektu bakoitzari patxadaz begiratzen zaionean, objektu horrek behar duenari erreparatzen zaionean, animismotik hurbil dagoen jarrera batetik lan egiten denean, jarrera horrek adierazten du objektuak bere arima duela eta artistaren eginkizuna aurreiritziak alde batera utzi eta eskakizun horiei erantzutea baino ez dela. (Sahatsa Jauregi, eskuizkribua). 

Eskultura laua subjektu eragile batek proposatzen du ("artista" batek, alegia). Hala ere -kokapenagatik, kulturatestuinguruagatik eta osotasun materialagatik-, ez da «arte-pieza»-ren balorazio-sisteman sartzen; aitzitik, haren periferia erradialean kokatzen da, multzotan (objektu isolatuak izan beharrean) aurkeztu ohi diren apaindurazko objektuen kategoria osoarekin partekatzen duena. Azken hauen funtzioa esanahi sozialaren, plazer estetikoaren eta subjektu eragileak objektuari eragiten dion fetitxizazioaren (identifikazioa/ proiekzioa) artekoa da. 

"Agentzia" egotz dakieke kausazko sekuentzia partikularrak eragiten dituzten pertsonei (eta gauzei), hau da, ekintza mentalek, nahimenek edo intentzioek eragindako gertakariak, egitate fisikoen kateatze hutsez gertatu beharrean. Agenteak "gertakariak gertarazten" ditu bere inguruan. Agentziaren ondorioz, zenbait gauza gertatzen dira, ez beti agenteak "nahi" zituenak. Eremu fisikoan eta materialean kausa-efektu kateak, azken batean, unibertso osoa gobernatzen duten legeen bidez azal daitezkeen "egitateak" diren bitartean, agenteek beren asmoen ondorioz "abiarazten" dituzten "ekintzak" eragiten dituzte. Kausazko gertakarien iturria, jatorria dira, unibertso fisikoaren egoeratik aparte. (Alfred Gell, Arte Agencia, 48. or.). 

Eskultura laua erregistro estetiko-sozial gisa sortu zen, artea eta modernitate eurozentrikoaren berezko espiritualtasuna bereizi ondoren. Materialki eta sinbolikoki, eskultura lauak ezaugarri asko ditu: etxeko aldareak, santuei eta hildakoei egiten zaizkien eskaintzak edota ausaz edo dibinitatearen eta haren inguruko kultuaren ondorioz sortutako irudi erlijiosoak (Hidalgoko Metroko Ama Birjina Mexiko Hirian, adibidez). Objektu horien izaera espiritual eta animista kulturaren aldetik arbuiatu zenean -jada ez baitago mamurik, ez Jainkorik, ez Ama Birjinik, ez meigarik-, entitate horiei emandako boterea objektuetara transferitu zen, eta kredo kapitalistak ematen die boterea -Elizak erlikia katolikoei eta magiak kosmogonia animistari bezala-, nahiz eta biei bizia ematen dieten logikak bere horretan mantendu. 

Har dezagun, esate baterako, gizakien eta ibilgailuen arteko harremana. Autoa ondasun bat eta garraiobide bat besterik ez da; berez, ez da jabearen ez autoaren beraren agentziaren locus bat. Hala ere, autoa daukanari asko kostatzen zaio bere gorputzaren zati gisa ez ikustea, eta hori bere gizarteagentziarekin finkatzen du beste gizarte-eragile batzuen aurrean. [...] Autoa ez da jabearen agentziaren locus bat eta besteen agentziak -gidari txarrak, bandaloak- eragin diezaiokeen bide bat bakarrik, baita autoaren agentzia «autonomo» baten locus delakoa ere. [...] Adibidez, nik badut Toyota bat, guztizko maitasuna baino halako estimu bat diodana, baina Toyotak auto "zentzudunak" eta grinarik gabeak direnez, nireari ez zaio axola. [...] Baldin eta -Jainkoak ez ahal du nahiko-, gauaren erdian, artean etxetik urrun, matxuratuko balitz, goi mailako traiziotzat hartuko nuke; bera izango litzateke, eta ez beste inor, errudun pertsonal eta moral bakarra, ez ni, eta ez konpontzen duen mekanikaria.