Unibertsitatea

NUP eta LH, jasangarritasunaren alde lanean (I)

Guztira, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) eta CENIFER (Imarkoain) eta IES Ega (San Adrian) zentroetako Lanbide Heziketako titulazio desberdinetako 24 ikasle aritu dira lanean Arrosadiko campuseko jardunaldi batean, Enhol Taldeak jasangarritasunaren arloan proposatutako erronka bati aurre egiteko tailer batean. Jarduera hori ARIES4 proiektuaren barrenean sartzen da, zeina Erasmus+ programaren esparruan Europar Batasunak kofinantzatzen baitu. Nafarroako Foru Komunitatean, programa horretan Nafarroako Garapen Elkarteak (SODENA), Unibertsitateak eta Hezkuntza Departamentuak hartzen dute parte, Lanbide Heziketako bi zentro horien bitartez. Europako proiektu horrek Europako lau eskualde hartzen ditu bere barnean: Nafarroa, Varmland (Suedia), Hego Danimarka eta Gabrovo (Bulgaria). Jasangarritasunerako Espezializazio Adimenduneko Estrategiak dituzte eskualde horiek (S4, ingelesezko siglen arabera), eta beren unibertsitate publikoak konprometiturik daude estrategia horien garapenarekin.

NUPen egin zen CRE8 tailerrean erabilitako metodologia Karlstadeko Unibertsitateak garatu du (Suedia), ARIES4 proiektuko bazkide baita. Ikasleak diziplinarteko bost taldetan banatu ziren, eta erronkari aurre egiteko tresna bakarrak sormena, papelografo edo arbel bat eta errotulagailu batzuk izan zituzten; hiru orduz aritu ziren lanean problema aztertzeko eta balizko konponbideak aurkezteko.

Epaimahaiak, bost taldeen aurkezpenak entzun ondoren, erabaki bat hartu zuen: haietako zeinek eman zion erronkari soluziorik aproposena. Hauek izan dira epaimahai horretako kideak: Maribel Martínez Villaescusa eta Ibai de Miguel Gómez (Enhol Taldea enpresako ordezkariak), Patrick Bangerius (Karlstadeko Unibertsitatearen ordezkaria), Miren Ausín Lecuona (Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria) eta Martin Larraza Kintana (NUPeko Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreordea eta ARIES4 proiektuaren zuzendaria). Aditu talde horren iritziz, bost taldeek eman zituzten ideia “interesgarriak”, eta, horrenbestez, balorazio ona egin zieten.

Jarduera horren aurretik, Lucía Nieto Sádaba NUPeko Enpresa Berritzaileak Sortzeko Laborategi Unibertsitarikoko (LUCE) eta CEIN Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroko arduradunak ikasleak motibatu eta haien arteko sinergiak sortzera bultzatu zituen, sormenari buruzko hitzaldi baten bidez. 

Tailerrean parte hartu zuten ikasleak ikastegi hauetakoak dira: Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea; Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoa (IITIGMET); eta Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoa (NIBGMET).