Prestakuntza

NUP, berdintasuna aldarrikatuz

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bere Berdintasunerako II. Plana onetsi du (2022-2027). Plan horren helburua da berdintasunaren alde egiten jarraitzea, zeharkako balio gisa, Unibertsitatearen prestakuntzako, ikerketako, ingurunearekiko proiekzioko eta gobernantzako ekintzetan. Esparru horretan, dokumentuak 15 helburu operatibo planteatzen ditu guztira, 86 ekintzaren bidez garatuko direnak. Planaren diseinuan berdintasun-politiketan adituak diren zenbait ikertzaile emakumezkok hartu dute parte eta unibertsitateko komunitate osoaren ekarpenak jaso dira. Planak 138.000 euroko zuzkidura du 2022rako eta Unibertsitatearen webgunean kontsultatu ahal da osorik.

Dokumentua martxoaren 1ean aurkeztu zuten María Chivite Nafarroako presidenteak eta Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak. Begoña Pérez Eransus Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordeak ere hartu zuen parte aurkezpenean. Halaber, bertan izan ziren Javier Remírez Lehendakaritza, Berdintasun, Justizia eta Barne kontseilaria, Juan Cruz Cigudosa Unibertsitateetako kontseilaria, Eva Istúriz Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, eta Nafarroako Parlamentuko berdintasun batzordeko zenbait kide.

Berdintasunarekiko konpromisoa

Chivite presidenteak azpimarratu egin zuen Nafarroako Gobernuak NUPekin duen konpromisoa berdintasunaren arloan, “sinetsita baitago hezkuntza eta prestakuntza- eta ikerketa-guneak, eta, azken batean, ezagutza funtsezko zutabea direla zeregin horretan”. Gainera, Unibertsitateak arlo horretan egiten duen ahalegina eta konpromisoa nabarmendu ditu. Era berean, adierazi zuen Gobernuak Unibertsitatearekin lan egiten jarraitu nahi duela planean jasotako ekintzak elkarlanean bultzatzeko, “Unibertsitatea eta gure gizartea berdintasunezkoagoak izan daitezen eta, ondorioz, bidezkoagoak. Izan ere, berdintasuna justizia da, eta demokrazia”, azpimarratu zuen.

Bestalde, Ramón Gonzalo errektoreak nabarmendu zuen NUPek apustu handia egin duela plana bultzatzeko, eta, esan zuenez, Unibertsitateak gizartearen zerbitzura jarri nahi ditu pertsonen prestakuntza integralerako eta ikerketarako tresnak, desparekotasun prozesuei buruzko ezagutza hobetzeko eta Nafarroako herritarren berdintasunean eta ongizatean aurrera egiten laguntzeko. Ramón Gonzalok, halaber, eskerrak eman zizkion Unibertsitateko komunitateari planaren prestaketan egindako lanagatik, baita kanpoko erakunde ugariri ere; horien artean, Nafarroako Berdintasunerako Institutua eta Unibertsitate Departamentua aipatu zituen.

Planean jasotako neurriak

Planean jasotako neurriei dagokienez, irakaskuntzaren esparruan titulu berri guztiak diseinatzeko prozesuan genero-ikuspegia txertatu beharra nabarmendu da. Ildo horretan, bi esperientzia pilotu egin dira Irakasletzako eta Medikuntzako graduetan. Gainera, ikasturte honetan genero-berdintasunari buruzko aukerako irakasgai bat eskaini zaie ikasle guztiei, eta irakasleei, berriz, gai horri buruzko prestakuntza-ikastaroak.

Ikerketaren arloko ekintzen helburua da, batetik, genero-desparekotasunei eta berdintasun-politikei buruzko ikerketa sustatzea, eta, bestetik, ikertzaileen prestakuntzan pixkanaka genero-ikuspegia sartzea. Era berean, emakumeen lidergoa sustatzeko eta ikerketa-ekoizpenean gizonen eta emakumeen arteko arrakala murrizteko neurriak jasotzen dira. Bi neurri dira nabarmentzekoak: alde batetik, ardurapean bi urtetik beherako haurrak dituzten lanaldi osoko irakasleen irakaskuntza-ahalmena % 40 murrizteko aukera eta, bestetik, Mendekotasunaren eta Zainketen Ikasketa Zentroaren sustapena.

Bestalde, gobernantzaren eta pertsonen eremuan, helburua da berdintasunezko gobernu-eredu bat finkatzea, unibertsitateko komunitatearen ongizateari lagundu diezaion. Horretarako, honako ekintza hauek eginen dira, besteak beste: kontziliazioa bultzatzera bideratutako ekintzak; lan-sustapenean gizonen eta emakumeen artean dagoen aldea txikitzera bideratutako aintzatespen-bideak aztertzea; indarkeria detektatzeko eta hari aurre egiteko mekanismoak berrikusteko ekintzak; eta langileak gaitzera bideratutakoak gobernantza instituzionalean genero-dimentsioa txerta dezaten.

Beste neurri aipagarri batzuk dira Ikasketa Feministen eta Genero Ikasketen Katedra bat sortu izana Nafarroako Berdintasun Institutuarekin batera (INAI), edo berriki Genero, Emakume eta Berdintasun Gaietako Unibertsitate Masterra abian jarri izana. Bestalde, ingurunearekiko proiekzioaren esparruan, Unibertsitateak lanean jarraituko du Unibertsitateko emakumeen ekoizpen zientifikoa ikusarazteko, eta berdintasunaren arloan lankidetzan segituko du Nafarroako erakundeekin.

NUPen dauden genero-arrakalak

Plana egin aurretik, diagnostiko bat egin zen, eta bertan agerian geratu ziren NUPen dauden genero-arrakalak eta emakumeek eremu gehienetan duten presentzia txikiagoa, bai eta STEM graduetan dauden emakumezko ikasleen tasa txikiagoa ere (ingelesezko sigla horrek zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika esan nahi du). Hala ere, ordezkaritza-organoei dagokienez, emakumeen eta gizonen presentzia ia parekidea dela ikusi zen.

Zehazki, nahiz eta NUPeko irakasle eta ikertzaileen % 41,2 emakumeak izan eta % 58,8 gizonak, maila edo kategoria handitu ahala emakumeen kopuruak behera egiten du: % 22 baino ez dira katedradunak, eta NUPen dauden 104 ikerketa-taldeetako zuzendarien artean % 31,73 baino ez dira emakumeak (gizonak, berriz, % 68,27). Administrazioko eta zerbitzuetako langileei dagokienez, 10 langiletik 6 emakumeak diren arren, gehiegizko ordezkaritza dute behin-behineko lanpostuetan, eta zerbitzuko zuzendarien %  40 baino ez dira emakumeak.

Bestalde, ikasleen atalean, nabarmentzekoa da emakumeen kopurua % 70etik gorakoa dela gradu hauetan: Haur Hezkuntzako Irakasletza, Lehen Hezkuntzako Irakasletza (bai eta bi titulazioen gradu bikoitza ere), Erizaintza, Medikuntza, Psikologia, Gizarte Lana eta Ingeniaritza Biomedikoa. Aitzitik, % 30etik beherakoa da ingeniaritzetan (Mekanikoa, Elektrikoa, Informatikoa, Industriakoa, Diseinu Mekanikokoa eta Telekomunikaziokoa). Puntu honetan, gogora ekarri beharra dago NUPek STEM titulazioetan emakumeen presentzia areagotzeko egindako lana, besteak beste: Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra jarri du abian, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin bat egin du, eta ikastetxeetara eraman du “Yo quiero ser científica” antzezlana, zeinak NUPeko irakasleak baititu protagonista.

Ordezkaritza-organoei dagokienez, lehen esan bezala, ordezkaritza gero eta parekideagoa da. Unibertsitateko Zuzendaritza Kontseiluan, adibidez, % 45,45 emakumeak dira eta % 54,55 gizonak; Gobernu Kontseiluan, berriz, % 42 emakumeak dira eta % 58 gizonak; eta ikerketa-institutuetako zuzendaritza parekidea da, bai eta dekanotzetakoa eta eskoletakoa ere. Hori hala izanik ere, sailetako zuzendaritzetan gehiengo maskulinoa dago, eta ikasleen ordezkaritza-organoetan emakumeek ordezkaritza txikia dute.