Mondragon Unibertsitateak irailaren 17an egin zuen 2024-2025 ikasturtearen hasierako ekitaldi ofiziala, Arrasateko berrikuntza eta ekintzailetza industrial jasangarriko Hirekin zentro inauguratu berrian. Unibertsitateak epealdi estrategiko berriari ekin dio, datozen hiru urteetarako jardunbide nagusiak zehaztuko dituen 2025-2028 aldirako Plan Estrategikoa onartuta. Planak etorkizunean jartzen du jomuga, eta erronka eta helburu zehatzak zein asmo handiko kopuruak finkatzen ditu. Epemuga horretarako, 4 erronka estrategiko finkatu ditu Unibertsitateak, eta dagoeneko lanean ari da horietan: ikasleen ikaskuntza-esperientziaren bikaintasuna handitzea; profesionalentzako etengabeko prestakuntzaren eskaintza birtual eta hibridoa sendotzea; ikerketa eta transferentzia bultzatzea, enpresen lehiakortasuna hobetzeko, eta tokiko eta nazioarteko posizionamendua indartzea.
Imanol Pradales lehendakariak eman zion hasiera ofiziala ikasturteari, ekitaldia amaitzeko. Haren hitzaldiaren aurretik, esku-hartze hauek izan ziren: Idoia Peñacoba Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusiarena -aurreko ikasturteko memoria akademikoa aurkeztu zuen-, Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorearena eta Pedro Arrázola Goi Eskola Politeknikoko doktore eta ikertzailearena -irekitze-hitzaldia egin zuen-. Haiekin batera, politikaren eta unibertsitatearen arloetako beste agintari batzuk ere izan ziren, tartean Juan Ignacio Pérez Iglesias, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua; Xabier Egibar, Mondragon Unibertsitateko lehendakaria; Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria; Maider Morras, Arrasateko alkatea; Amparo Merino, Gizarte Ekonomiarako estatu idazkaria, Carlos García, Goi Eskola Politeknikoko zuzendaria, eta Pello Rodríguez, MONDRAGONeko lehendakaria.
Mondragon Unibertsitateak 8 titulu berri eskainiko ditu ikasturte honetan -hiru master, aditu-ikastaro bat eta lau espezializazio-ikastaro-, ezagutza-arlo hauetan: ingeniaritza, enpresa-kudeaketa, ekintzailetza, hezkuntza, humanitateak eta gastronomia. Guztira 7.000 ikasle baino gehiago matrikulatu dira ikasketa ofizialetan -graduak, masterrak eta doktoregoak-. Haietatik, berriak dira 2.400 ikasle, orain laur urte baino % 18 gehiago.