Prestakuntza

MU eta LABORAL Kutxa, eskutik prestakuntzan

Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak eta LABORAL Kutxako zuzendari nagusi Xabier Egibarrek lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur, bi erakundeek lehendik zuten jarduerari jarraipena emateko eta, aldi berean, beste lankidetza-lerro batzuk garatzeko.

LABORAL Kutxak Mondragon Unibertsitateko ikasleak hartzen ditu  urtero, prestakuntza duala egiteko eta gradu- eta master-amaierako hainbat proiektu gauzatzeko. Era berean, bi erakundeen arteko harremana sendoa izan da, eta gaur egun ere bada oraindik, baita profesionalentzako prestakuntzaren esparruan ere.

Gaur sinatu den hitzarmen honek sustrai are sakonagoak bota ditu dagoeneko badagoen lankidetza-harreman horretan, eta helburu argia du: egungo eta etorkizuneko esparruak (berrikuntza, ekintzailetza eta talentua) garatzeko hemendik aurrera hasiko diren ekintzak sustatzea eta zuzentzea.

Gainera, bi erakundeek elkarlanean jardungo dute elkarren intereseko arloen inguruko ikerkuntzaren eta transferentziaren esparruetan, programak, proiektuak eta jarduerak bultzatuz eta ezagutza sortzea, trukatzea eta transferitzea sustatuz.

Hauek dira lankidetza-hitzarmen honen jarduketa-eremuak eta lan-ildoak:

  • Berrikuntza. Berrikuntza Unitatearen eta Open Businessen jarduerak abiaraztea, berrikuntza-proiektuetan parte hartzea sustatzeko, bai irakasle-ikertzaileen proiektuetan, bai doktoregaien nahiz prestakuntza jasotzen ari diren ikasleen proiektuetan, bai graduko zein masterreko ikasleen proiektuetan. Ikasleentzako erronkak eta BBF-Fintch-MUE, LK-MGEP ikasgela eta antzeko ekimenak abiaraztea ere bultzatuko da.
  • Ekintzailetza. Ekintzailetzaren alorrari sendotasuna, indarra eta jarraipena ematea. Esparru horretan badago aldez aurretik lankidetza bat, Bilbao AS Fabrik, Bilbao Berrikuntza Faktoria, Gaztenpresa, E-Labs eta antzeko adibideei jarraituz.
  • Talentua. LABORAL Kutxaren hainbat arlotako proiektu eta behar zehatzei erantzuteko, arlo hori unibertsitateko ikasleekin lantzea, hala ikasketetan zehar (beken eta curriculumeko eta curriculumetik kanpoko praktiken bidez), nola ikasketak amaitutakoan (lan-poltsa baten bidez).
  • Irakaskuntzako lankidetza. Mondragon Unibertsitatearen aldetik, LABORAL Kutxarako prestakuntza-edukiak sortzeko eta LABORAL Kutxak Mondragon Unibertsitateari irakaskuntzan laguntzeko duen ahalmena aprobetxatzeko.
  • Zeharkako beste eremu batzuk identifikatzea; adibidez: Mondragon Unibertsitateko ikasleentzako produktu eta zerbitzuetan lehentasunezko baldintzak garatzea.
  • Lanbide-heziketaren eredua beste herrialde batzuetara eramateko nazioarteko proiektuetan lankidetzan aritzea.

Helburu horietarako beharrezko ekintzak abian jartzeko, bi erakundeek beharrezko egitura eta langileak jarriko dituzte.

Mondragon Unibertsitatea unibertsitate kooperatiboa da, onura publikokoa, MONDRAGON Korporazioan txertatua, irabazi-asmorik gabekoa, eta gizarte-ekimena eta gizarte-bokazioa oinarri dituena. Pertsonen prestakuntza integralaren bidez eta ezagutza sortuz eta transferituz, gizartea eraldatzea eta enpresen lehiakortasuna hobetzea da haren funtsezko xedea. Arreta berezia jartzen dio ikasleen kalitateko ikaskuntza integralari eta, ildo horretan, esperientzia kooperatibotik datozen ezagutza tekniko-zientifikoak, konpetentziak eta balioak ere kontuan hartuko dituen ikaskuntza integrala bultzatzen du. Horrela, enpresak eta erakundeak garatuz eta ekintzailetza jorratuz, ikaslea gizartea eraldatzeko eragile aktibo bihurtzen du eta haren garapen humanistikoa, teknologikoa eta ekonomikoa bultzatzen du.

LABORAL Kutxak banka eta aseguruak egiteko beste modu bat eskaintzen du, lankidetza eta gizartearekiko konpromisoa oinarri dituena. Bezeroen gogobetetasuna lortzea, inguruan aberastasuna eta enplegua sortzea eta kultura babestea dira haren helburu nagusiak.

2019ko irailean, Nazio Batuen Banku-jarduera Arduratsuaren Printzipioak sortu eta sinatu zituzten 130 bankuetako bat izan zen. Sektorean erreferentziazkoa izango den ekimenaren helburua da finantza-sistemak etorkizun jasangarriarekin dituen konpromisoa eta erantzukizunak zehaztea, Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJHekin) eta Klima Aldaketari buruzko Parisko Akordioarekin bat.