Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak eta LABORAL Kutxako zuzendari nagusi Xabier Egibarrek lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur, bi erakundeek lehendik zuten jarduerari jarraipena emateko eta, aldi berean, beste lankidetza-lerro batzuk garatzeko.
LABORAL Kutxak Mondragon Unibertsitateko ikasleak hartzen ditu urtero, prestakuntza duala egiteko eta gradu- eta master-amaierako hainbat proiektu gauzatzeko. Era berean, bi erakundeen arteko harremana sendoa izan da, eta gaur egun ere bada oraindik, baita profesionalentzako prestakuntzaren esparruan ere.
Gaur sinatu den hitzarmen honek sustrai are sakonagoak bota ditu dagoeneko badagoen lankidetza-harreman horretan, eta helburu argia du: egungo eta etorkizuneko esparruak (berrikuntza, ekintzailetza eta talentua) garatzeko hemendik aurrera hasiko diren ekintzak sustatzea eta zuzentzea.
Gainera, bi erakundeek elkarlanean jardungo dute elkarren intereseko arloen inguruko ikerkuntzaren eta transferentziaren esparruetan, programak, proiektuak eta jarduerak bultzatuz eta ezagutza sortzea, trukatzea eta transferitzea sustatuz.
Hauek dira lankidetza-hitzarmen honen jarduketa-eremuak eta lan-ildoak:
Helburu horietarako beharrezko ekintzak abian jartzeko, bi erakundeek beharrezko egitura eta langileak jarriko dituzte.
Mondragon Unibertsitatea unibertsitate kooperatiboa da, onura publikokoa, MONDRAGON Korporazioan txertatua, irabazi-asmorik gabekoa, eta gizarte-ekimena eta gizarte-bokazioa oinarri dituena. Pertsonen prestakuntza integralaren bidez eta ezagutza sortuz eta transferituz, gizartea eraldatzea eta enpresen lehiakortasuna hobetzea da haren funtsezko xedea. Arreta berezia jartzen dio ikasleen kalitateko ikaskuntza integralari eta, ildo horretan, esperientzia kooperatibotik datozen ezagutza tekniko-zientifikoak, konpetentziak eta balioak ere kontuan hartuko dituen ikaskuntza integrala bultzatzen du. Horrela, enpresak eta erakundeak garatuz eta ekintzailetza jorratuz, ikaslea gizartea eraldatzeko eragile aktibo bihurtzen du eta haren garapen humanistikoa, teknologikoa eta ekonomikoa bultzatzen du.
LABORAL Kutxak banka eta aseguruak egiteko beste modu bat eskaintzen du, lankidetza eta gizartearekiko konpromisoa oinarri dituena. Bezeroen gogobetetasuna lortzea, inguruan aberastasuna eta enplegua sortzea eta kultura babestea dira haren helburu nagusiak.
2019ko irailean, Nazio Batuen Banku-jarduera Arduratsuaren Printzipioak sortu eta sinatu zituzten 130 bankuetako bat izan zen. Sektorean erreferentziazkoa izango den ekimenaren helburua da finantza-sistemak etorkizun jasangarriarekin dituen konpromisoa eta erantzukizunak zehaztea, Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJHekin) eta Klima Aldaketari buruzko Parisko Akordioarekin bat.