Lorenzo Silva idazle eta abokatua Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Literaturako eta Zuzenbideko LyDer programaren hamargarren promozioaren aitabitxia izan da. Promozioa honako ikasle hauek osatu dute: Angie Stephany Pedraza Díaz, Nayeli Estefanía Sinso Ortega, Melyatka Medieva Drenkova, Ainhoa Undiano Jauregui, Adrián Pérez de Pipaón Moreno, Leire Souto Arregui, Pablo Doral Pérez eta Marina Morales Luri. Graduazioa Unibertsitateko komunitatearekin egindako topaketa literario baten esparruan egin zen, José F. Alenza García NUPeko Administrazio Zuzenbideko katedradunak sustatua eta antolatua.
Diplomak banatu ondoren, Lorenzo Silvak, NUPeko LyDer programaren lehenbiziko promozioaren aitabitxi ere izandakoak, bere azken liburuez eta hurrengo proiektuez hitz egin zuen, baita bere lan egiteko eta idazteko metodoaz ere. Aditzera eman zuenez, nahiz eta idazle izateko desira nerabezaroan piztu zitzaion, Zuzenbideko ikasketak egin zituen, eta abokatu aritu zen hamabi urtez. Bere bokazioa ez izan arren, esperientzia profesional horrek oso efizientea eta emankorra izatera behartu zuen, eta horrek gaur egun aukera ematen dio buruan aldi berean zenbait eleberri garatzeko; eta haien gainean dokumentatuz joaten da haiek idazteko unea iritsi arte.
LyDer programa irakurketen eta mintegien ziklo bat da, borondatezkoa, eta helburu hauek ditu: ahozko eta idatzizko adierazpena hobetzea, Zuzenbideko Graduak eta arlo juridikoko gainerako titulazioek berezkoak dituzten prestakuntza humanistikoa eta balioetan oinarritutako prestakuntza sustatzea eta eduki juridikoen ikaskuntza osatzea. Zuzenbideko Graduko, Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako Graduko eta Enpresen Administrazioko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzeko ikasleei dago zuzendua.
"La llama de Focea" eta Lorenzo Silvaren polizia-nobelak
Ikasleekiko eta Unibertsitateko komunitateko gainerako kideekiko topaketak iraun zuen bi orduetan, Lorenzo Silvak bere azken eleberriaz hitz egin zuen bereziki. “La llama de Focea” du izena, eta duela 25 urte “El lejano país de los estanques” lanak abiarazi zuen eta Bevilacqua eta Chamorro protagonista dituen sailaren hamahirugarren liburua da. Gogoratu zuenez, lehenbiziko liburu hori eleberri esperimental gisa planteatu zuen, eta tradizio anglosaxoiko polizia-generoa eta Espainiako errealitatea uztartu zituen bertan, guardia zibilak ziren ikertzaile batzuk gehituta berritasun gisa. Itxura guztien kontra, eleberriak arrakasta handia izan zuen. Nobela-sail baten hasiera modura pentsatua ez bazegoen ere, garatzen jarraitu du gaur egun arte. Egileak adierazi zuen, halaber, bere eleberriak ez direla polizia-kasuen bilduma hutsa, eta XXI. mende hasierako Espainiako errealitate sozial, ekonomiko eta politikoa ulertzeko ere balio dutela.
“La llama de Focea” liburuan, Donejakue Bideko erromes baten hilketa ikertzen dute, hots, kide errusiar arriskutsuak dituen politikari ohi eta enpresari katalan independentista baten alabaren hilketa. Independentziarako “procès” delakoaren gertakari eta oinarrietan murgiltzen da eleberria, eta, Silvaren esanetan, “muturreko kritika kontraesankorrak” jaso zituen bai nazionalismo espainiarraren aldetik (distantziakidea izateagatik eta independentistak “humanizatzeagatik”), bai katalanaren aldetik (Katalunia gorrotatzeagatik). Lorenzo Silvak adierazi zuenez, eleberrian Kataluniako arazoari buruzko koru polifoniko bat islatu nahi izan zuen, non pertsonaia desberdinek beren bertsioa erakusten baitzuten irakurleak bere ondorioak atera zitzan.