Bosnia-Herzegovinako, Serbiako, Austriako eta Alemaniako zortzi unibertsitatetako zenbait arduradunek, herrialde horietako hainbat enpresaren ordezkariekin batera, Eusko Jaurlaritzaren egoitza bisitatu zuten joan den martxoaren 3an Gasteizen. Unibertsitate eta Ikerketa sailburuorde Adolfo Moraisekin eta Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendari Miren Artarazekin bilera izan zuten bertan. Horiek guztiak Euskadin egon ziren, Hezkuntza Sailak bultzatzen duen Unibertsitate eta Enpresaren arteko Estrategia bertatik bertara ezagutzeko; interes berezia dute estrategia horren barruan Euskal Unibertsitate Sisteman (EUS) garatzen ari diren unibertsitate-prestakuntza dualeko esperientzietan.
Egun horietan, Euskadi bisitatzen ari ziren Bosniako lau unibertsitateek eta Serbiako unibertsitateak lankidetza estuan ziharduten IMH Makina Erremintaren Institutuarekin (UPV/EHUri atxikitako ikastegia). Horrela bada, datorren ikasturtean hasiko dira prestakuntza dualaren eredua beren titulazioetan inplementatzen, euskal eredua erreferentziatzat hartuta. Bestalde, Austriako eta Alemaniako unibertsitateek irakaskuntza dualak inplementatzen dituzte dagoeneko, baina IMHrekin lankidetzan hasteko interesa erakutsi dute, esparru horretan esperientziak trukatzeko helburuarekin.
Unibertsitatea+Enpresa Estrategia
Lakuan egin zuten lan-bileran, Eusko Jaurlaritzak 2017an abian jarri zuen Unibertsitatea+Enpresa Estrategiaren giltzarriak eta ezaugarri nagusiak azaldu zizkien Adolfo Morais sailburuordeak Europako ordezkariei. Estrategiaren helburuetako bat da enpresa-eremuaren premiei aplikatu eta egokitutako osagai bat duen gaitasun handietako giza kapitala prestatzea. Horregatik, estrategiaren jarduketa-ildo nagusien artean dago unibertsitate-titulazio dualak sortzea eta inplementatzea, ikasleek fakultate edo eskoletan bezalaxe sektoreko enpresetan ere har dezaten prestakuntza.
Prestakuntza dual horrek dituen berezitasunez eta ikasleei eskaintzen dien trebakuntza espezifikoagoaz gain, Moraisek estrategiaren barruan orain arte lortu diren emaitzarik adierazgarrienak ere azaldu zituen: 4Gune klusterra sortzea (Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologia prestakuntzako klusterra); enpresa-erronkak ebazteko programa abian jartzea, EUS-eko ikasleen aldetik; edo 4.0 Industriaren arloko Gaitasunen Mapa sortzea.
Enpresetarako bisitak
Martxoaren 2an hasi zen Europako unibertsitate eta enpresak Euskadira egiten ari ziren bisita, IMHk Elgoibarren dituen egoitzan. Bertan, ikastegiak inplementatzen duen prestakuntza dualaren eredua aurkeztu zuen. Ondoren, ikasleak beren lantegi eta instalazioetan prestatuz modalitate dual horretan parte hartzen duten enpresa batzuk bisitatu zituzten. Aukera izan zuten, gainera, ikasle horiekin hitz egin eta haien esperientzia bertatik bertara ezagutzeko. Hurrengo egunean, arratsaldean eta 4an, prestakuntza-modalitate horretan sakontzen eta jakingarri gehiago jarraitu zuten, IMHn.
Eusko Jaurlaritzak 2017an Unibertsitatea + Enpresa Estrategia abian jarri zuenetik, Euskal Unibertsitate Sistemako 47 unibertsitate-titulaziok lortu dute Unibasqu-eren (Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren) aipu duala. Ordutik 2021. urtera arte trebakuntza mota hau jaso duen ikasle kopurua haziz joan da urtez urte Euskadin: guztira 4.857 ikasle hasieratik, eta horietatik 1.718 2021ean.