Beste Berriak

Jokin Bildarratzek ETHAZI jardunaldian parte hartu zuen, Euskadiko Lanbide Heziketako metodologia honen hamargarren urteurrenean (I)

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak hasiera eman zion, urtarrilaren 24an, ETHAZI jardunaldiari. Hezkuntza Sailak etekin handiko zikloen eredu hau Euskadiko Lanbide Heziketan ezartzearen hamargarren urteurrena dela eta antolatu da jardunaldia. Erronketan oinarritutako ikaskuntza kolaboratiboko eredu hori ikasgeletan ematen duten Lanbide Heziketako ikastetxeetako 350 arduradun inguru —zuzendaritzataldeetako kideen eta irakasleen artean— bildu ziren Bilbao Exhibition Centreko (BEC) auditorioan.

80.000 ikasle 

ETHAZI-k, erronketan oinarritutako ikaskuntza-eredu kolaboratiboak, Euskadiko Lanbide Heziketako 5 ikastetxetan abian jarritako esperientzia pilotu gisa ekin zion ibilbideari 2013-2014 ikasturtean. 5 heziketa-ziklotako 100 ikasle eta 25 irakaslerekin hasi zen. Une horretatik aurrera, eredua zenbait elementurekin garatu eta aberastu da, eta, aldi berean, Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe gehienetara zabaldu da, publikoetara zein itunpekoetara. Gaur egun, eredua Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe ia guztietan dago ezarrita, hein batean edo bestean. Hamar urte hauetan 79.664 ikaslek ikasi dute eredu honen bidez. 2023-2024 ikasturtean, 83 ikastetxetako 25.421 ikasle eta 2.048 irakasle ari dira eredu horretan lanean, hau da, Lanbide Heziketako erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloetako ikasle guztien % 73.

ETHAZI, etekin handiko zikloak 

Ikaskuntza-eredu honen izena Etekin Handiko Zikloak akronimotik dator. Erronketan oinarritutako ikaskuntza kolaboratiboa du ardatz: ikasleei egoera problematikoa planteatzen zaie, eta egoera hori talde osoarentzako erronka bihurtzen da. Prozesu osoa —emaitza bat lortu arte edo erronka hori ebatzi arte— egituratuta dago ikasleak ikasten ari diren ziklo horretako konpetentzia teknikoak eta espezifikoak eskuratzeko moduan, baina horrez gain baita profesional ororen prestakuntzan estrategikoak diren zeharkako konpetentziak eskuratzeko ere, hala nola ikaskuntzaren arloko autonomia, talde-lana, erabakiak hartzea edo ezohiko emaitzekiko orientazioa.

Egoera problematikoak, kasu guztietan, taldetan antolatutako gela batean planteatzen dira, eta lan-prozesuak aukera eman behar die ikasleei egoera problematiko horiek erronka gisa bizitzeko. Hortik abiatuta, ikasleek beharrezko ezagutzak eskuratu ahal izango dituzte, soluziorik onenak eskaini ahal izan ditzaten.

Erronka bidezko ereduaren planteamenduak ikasteko mekanika berrinterpretatzea eskatzen du. Ikaskuntza bilakaera-prozesu bat izango da, eta ikasleek izango dute ikaskuntza-prozesu horren gaineko ardura. Ikasleek, banaka zein taldeka, lanean jarriko dira eta emaitza bat lortuko dute. Emaitza hori interpretatu beharko da: zerk funtzionatu duen, eta zerk ez, aztertuko da, eta, hurrengo erronka batean goragoko helburu batzuetara hurbilduko badira, zer egingo den beste modu batera erabakiko da. Eredu horrek, halaber, ordutegiak, ebaluazioak edo ikasgelaren konfigurazio fisikoa gisako elementuak birpentsatzea eta birdefinitzea eskatzen du.