Beste Berriak

Jokin Bildarratzek Eduardo Chillida XIX. Matematika Olinpiadaren sariak banatu zituen (I)

Eduardo Chillida Matematika Olinpiadak amaitutzat eman zuen bere XIX. edizioa, ekainaren 2an Gasteizen egindako sari-banaketarekin. Ekitaldian buru izan ziren Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburua eta Amaia Agirre Ikaskuntzako eta Hezkuntza Berrikuntzako zuzendaria. Ekitaldia Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan egin zen, eta bertan izan zen Luis Chillida ere, Chillida Fundazioko presidentea eta lehiaketari izena ematen dion eskultorearen semea.

Ohikoa denez, Eduardo Chillida Matematika Olinpiada bi fasetan garatu da aurten ere. Lehenengoa martxoaren 24an burutu zen, edizio honetan parte hartu duten 68 ikastetxeetako bakoitzean. Orotara 1.600 ikasle pasatxo izan ziren parte hartzaile. Proba horren emaitzarekin, finalera pasatzeko ikastetxe bakoitzeko bi edo hiru ikasle hautatu zituzten irakasleek, ikastetxearen tamainaren arabera. Azken fasea maiatzaren 13an izan zen hiru hiriburuetan eta 141 ikasle inguruk parte hartu zuten. 55 ikastetxeko ikasleak ziren (29 Arabakoak, 62 Bizkaikoak eta 50 Gipuzkoakoak). Fase horretan puntuaziorik onenak lortu dituzten 12 ikasleek jaso dituzte sariak gaur eguerdian, ikasketak egiten ari diren ikastetxeetako arduradunak eta senideak lagun zituztela.

Honako hauek izan dira aurtengo 12 sarituak:
  1. Iciar Barrio Corral Pureza de Maria ikastetxea. Bizkaia.
  2. Mikel Piñole Pastor Esclavas S.C. Fátima. Bizkaia.
  3. Luken Ortiz de Zarate Fernandez Larramendi Ikastola. Bizkaia.
  4. Aiora Jauregi Pagaldai Beasain BHI. Gipuzkoa.
Hurrengo irabazleak alfabetoaren araberako hurrenkeran ageri dira:
  • Saioa Aldezabal Goikoetxea Orereta Ikastola. Gipuzkoa.
  • Unai Blanco Mensuro Eguzkitza BHI. Gipuzkoa.
  • Julen Gastañares Ruiz Miguel de Unamuno BHI. Araba.
  • Jorge Hernandez Barcena Esclavas S.C. Fátima. Bizkaia.
  • Adriana Martinez Vivanco Padre Andrés Urdaneta. Bizkaia.
  • Jurgi Onandi Manterola Arriagorriaga BHI. Bizkaia.
  • Oier Escalante Aranguren Arriagorriaga BHI. Bizkaia.
  • Yi Ye Laudio BHI. Araba.

Ekitaldian zehar, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, lehenik eta behin, olinpiadaren edizio honetan irabazle suertatu diren ikasleak zoriondu ditu, egin duten lanagatik, baina baita horien gurasoak ere “umiltasunez betetako harrotasun horregatik, hau bezalako espazio batean seme edo alaba bat edukitzeagatik”. Halaber, ekitaldia baliatu du irakasleen lana eskertzeko. “Egunero, goizero, arratsaldero, irakasleak geletara joaten direnean, ikasleekin elkarbizitza eta elkartruke bat mantentzen dute dituzte, gazteen interesari eta ikasteko nahiari bizirik eusteko”.

Bildarratzek adierazi zuen, halaber, STEAM deritzon eremua -Matematikak leku garrantzitsua duen eremua- Hezkuntza Sailaren lehentasunezko jardun-arloetako bat dela. “Etorkizunari eta enplegagarritasunari begira oso eremu garrantzitsua da”, adierazi zuen, eremu horretara bereziki neskak erakartzeak duen garrantzia nabarmenduz.

Luis Chillidak, bestalde, euren aitak, Eduardo Chillidak, Matematikarekin izan zuen etengabeko harremanaren berri eman zien ikasleei, Zientzia Zehatzetako eta Arkitekturako ikasle gisa, lehenik, baina artista gisa batez ere. Euren aita jakin-minez beteriko gizon gisa gogoratu eta deskribatu zuen, “ikusten ez dena ikusten saiatzen zena, ezezagunean ikusi nahi zuena”, eta gazte-gaztetatik irakatsi zion jakin-nahi hori, bizitzako gauza arruntenen atzean, eta baita artean ere, dagoen logika matematikoa azalduz. Horregatik guztiagatik esan zuen, amaitzeko, “aita pozik egongo zatekeen Olinpiada Matematikoan bere izena ordezkatzen duzuelako”.