Unibertsitatea

Irakasle sarituak NUPen

Nafarroako Unibertsitate Publikoak hamasei ikertzaileri eman die Irakasleen 2022ko Bikaintasun Saria. Sariketa horren bidez, NUPeko jakintza-arlo eta sailetako zenbait irakaslek 2022an egindako lan bikaina aintzatesten da. Ekitaldi instituzionala asteazkenean egin zen, Olibondoak eraikineko Nicolás García de los Salmones aretoan, Arrosadiko campusean, eta Ramón Gonzalo errektorea aritu zen ekitaldiaren buru.

Irakasleen Gaietarako errektoreorde Inés Olaizola Nogales ere izan zen sari banaketan, eta Ricardo San Martín Murugarren Fisika Aplikatuko irakaslea mintzatu zen saridunen izenean. Hitzaldian, irakaskuntzaren jardunaz eta irakasteko modu egokia aurkitu beharraz aritu zen: “Ez dira metodologia tradizionalak gutxietsi behar zaharrak izate hutsagatik, eta, aldi berean, ez dira metodologia berriak baldintzarik gabe onartu behar modan egoteagatik edo berritzaileak izateagatik”. Bere ustez, “hezkuntzaren arloko ikerketa hutsik gabeko errezetarik ez dagoela erakusten ari da: izan ere, ez dago beti, ikasle guztientzat, helburu guztietarako eta testuinguru guztietan eraginkorra izanen den hezkuntza-metodorik”.

Halaber, irakaskuntzaren arrakasta baldintzatzen ahal duten antolakuntza- eta ekonomia-faktoreak daudela adierazi zuen. Esan zuenez, “askotan planteatzen da curriculuma edukiz hustea pedagogiaren mesedetan, baina bi elementuak osagarriak eta ezinbestekoak dira”. Azkenik, irakasleei zuzenduta, esan zuen “ezinezkoa dela ikasten laguntzea baldin eta ez bada ongi ezagutzen zer ikasi behar den”, eta, ondorioz, “ongi irakasteko modua bilatzen jarraitzera” animatu zituen irakasle guztiak.

Ebaluatzeko sistema

Eskaerak ebaluatzeaz arduratzen den batzordea honako hauek osatzen dute: NUPetik kanpoko unibertsitateko irakasle bat, Gizarte Kontseiluak izendatua; Irakasleen Gaietarako errektoreordea; ikastegiak eta sailak ordezkatzen dituzten zenbait irakasle; Unibertsitateko ikasleen ordezkari bat; eta beste unibertsitate bateko irakasle bat, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak izendatua (ANECA).

Irakasleek ebalua ditzaten eskatzen ahal dute nahi izanez gero, eta hiru alderdi hartzen dira kontuan: egokitasuna (irakasleak emandako edukiak zenbateraino datozen bat Unibertsitatearen, ikastegiaren eta titulazioaren eskakizunekin, plan estrategikoetan eta ikasketa-planetan jasota dagoenaren arabera), gogobetetzea (ikasleek eta arduradun akademikoek iritzi ona ote duten irakaslearen jardunaz) eta irakasleak berak bere jardunari buruz zer gogoeta egin duen eta zer hobekuntza aplikatu dituen (batzordeetan eta bileretan parte hartuz, eta irakasgaiari eta irakaskuntza-estrategiei buruzko prestakuntza jasoz).