Unibertsitatea

Ikasturte berria hasi da NUPen (II)

Unibertsitateari buruzko Foru Legea

Hitzaldian, Nafarroako lehendakariak aipatu zuen Gobernuak Unibertsitateari buruzko Foru Lege bat prestatzeko asmoa duela, eta NUPek Nafarroaren garapen ekonomiko, zientifiko eta sozialari egiten dion ekarpena azpimarratu zuen. Halaber, ikasturte unibertsitarioan familiaren etxetik kanpo bizi behar dutenentzako beken deialdi berri bat iragarri zuen, 650 lagun ingururentzat izango dena. 

Bestalde, María Chivite NUPeko ikasle ohi izatearen harrotasunaz mintzatu zen. Hala, Unibertsitateari buruzko datu batzuk aipatu zituen, esate baterako Estatuko Ikerketa Planeko funts gehien hartzen dituen erakundea izatea, “starting grant” bana jaso duten hiru ikertzaile edukitzea (Europar Batasunean prestigio zientifiko handiena duen laguntzetako bat), egresatuen enplegagarritasunari buruzko datu onak izatea edo emakumeen talentua ikusarazteko konpromisoa izatea. Azken batean, herritarren bizitza hobetzen laguntzen duten proiektuak garatzen dituen aurrerapenerako eragile gisa deskribatu zuen NUP. 

Hasierako ikasgaia

Hasierako ikasgaian, Alfonso Carlosenak seinalearen teoria zer den eta diziplina horretan zer ikasten den azaldu zuen eguneroko zenbait adibidez erabiliz (COVIDaren kutsadura-kurba edo elektrokardiograma bat, besteak beste). Hala, aditzera eman zuen ezen seinalearen prozesamendua, azken batean, “sorburu eta forma erabat desberdineko seinaleetatik informazioa prozesatzeko, aldatzeko eta ateratzeko gaitasuna dela, baina teknika komunak aplikatuz, eta teknika horiek guztiak azken batean zenbakien sekuentzia diren heinean”. Horrek, hitzaldian zehaztu zuen bezala, aplikazio praktiko ugari du.  
Testuinguru horretan, “seinalearen espektroa” kalkulu matematiko batzuek osatzen dute, eta horiek, seinale jakin bati aplikatuta, zenbait erpin dituen grafiko bereizgarri bat sortzen dute. Espektro horren analisiak aukera ematen du fenomeno askotan modu ziklikoan errepikatzen diren ereduak aurkitzeko (adibidez, hamaika urteko serieetan fenomeno klimatikoen kasuan). Iragarpen horiek lagungarriak izan daitezke, besteak beste, klima-ereduak hobetzeko eta zenbait gertakari natural aurreikusteko.

Katedradunak zehaztu zuen bezala, bere ikerketa-taldean seinalearen prozesamendu hori aplikatu dute, adibidez, “vending” makina batean sartutako txanpon bat faltsua ote den edo aerosorgailu bat balio-bizitzaren amaierara noiz iritsi den jakiteko teknikak garatzeko. Halaber, prozesamendu hori historiaurreko garaietako klimaren azterketan ere aplikatu dela azaldu zuen, hau da, paleoklimatologian, baita kantu lirikoko bibratoaren azterketan ere.
Hasierako ikasgaiaren ondorio gisa, Alfonso Carlosenak ziurtatu zuen natura bakarra dela, eta, zientziaren eta artearen zatiketaren aurrean, ezinbestekoa dela jakintzaren eta ikerketa zientifikoaren diziplina-aniztasuna. Era berean, adierazi zuen matematika eta giza hizkuntza izan beharko liratekeela prestakuntzaren oinarria, eta, azkenik, “gaur egungo arazo eta erronken konponbide asko gu baino lehenagoko jenio handi ezagun nahiz ezezagunek ematen dizkigutela”.