Beste Berriak

IKASLAB: Ikasgelak eraldatuz ikasteko metodologiak berritzeko proiektua (II)

“Laborategia”

Jardunaldiaren irekiera ekitaldian hitza harturik, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak proiektuaren ezaugarri nagusiak aletu ditu, nabarmenduz Ikaslaben helburua ez dela espazioak eraldatzea soilik, “baizik eta ikasleei praktikarik egokienak eta ereduak eskaintzeko tresna berriez baliatzea. Ikasleen beharretara moldatzeko, erakargarriago egiteko, beraien autonomia sustatzeko eta izpiritu ekintzailea bultzatzeko, partehartzea eraginez. Azken batean, ikasleak beraien ikaskuntzaren jabe izan daitezen”.

Ikaslab proiektuari “laborategi” ere deitu dio sailburuak, “ikas-espazio sortzailea eta berritzailea, guztiontzat. Espazioak berak ere, modu batean edo bestean, hezitzaile izaera hartzen du, etengabe eboluzionatzen ari den agertoki bat bezala, bertan egungo gizartearen premiei lotutako egoera zehatzei eta konplexuei eman beharreko erantzunak eztabaidatzeko eta lantzeko. Ezagutzak eta konpetentziek topo egiten dute espazio honetan”. Ildo horretan, Ikaslab diziplinarteko ikasgaiak lantzeko eta eremuka lan egiteko “abagune ezin hobea” dela azpimarratu du.

Amaitzeko, proiektu honetan ikerketari eta ebidentzia zientifikoari ematen zaion garrantzia ere hizpide izan du, EHUko Hezkuntza Fakultatearekin Hezkuntza Sailak abian jarri duen ikerketaren karietara. “Guretzat oso garrantzitsua da unibertsitateekin ireki dugun estrategia berria, ikerketa kolaboratiboa, aholkularitza eta hobekuntza pedagogikoak bultzatzeko”.