Beste Berriak

Ikaslab: Espazio berriak ikaskuntza-metodologia berrientzako (II)

Hastapenetatik ezarpenera

Hezkuntza Sailak Ikaslab jarri zuen abian 2022-2023 ikasturtean, proiektu pilotu gisa, eta ikerketa-prozesu bat hasi du UPV/EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultatearekin. Gune horien eragina ikertu nahi da, Euskal Hezkuntza Sistemarako eredu propio bat sortzeko. Berritzegune Nagusiari lagunduz, eta ikastetxeen beren parte-hartzearekin, proiektua diseinatuz eta espazioen hezkuntza-erabilera esanguratsuagoari buruzko prestakuntza jasoz. Aurreikuspenen arabera, ikasturte honen amaieran 23 Ikaslab proiektu ezarri dira Euskadiko ikastetxe publikoetan.

Sailburuak "laborategi" gisa aipatu zuen Ikaslab proiektua, "guztiontzako ikaskuntza sortzaile eta berritzailerako gune bat. Espazioak berak, era batera edo bestera, izaera hezitzailea hartzen du, etengabe eboluzionatzen ari den eszenatoki gisa, egungo gizartearen premiei lotutako egoera zehatz eta konplexuei eman beharreko erantzunak eztabaidatu eta lantzeko. Ezagutza eta gaitasunak espazio honetan daude ". Ildo horretan, nabarmendu zuen Ikaslab "aukera ezin hobea" dela diziplinarteko ikasgaiak esparruka lantzeko.

Proiektuaren helburuen artean honako hauek nabarmendu behar dira, beraz:

  • Irakaskuntza-prozesuak berrikustea ahalbidetuko duten metodologia berriak praktikan jartzea, ikasleek XXI. mendeko trebetasunak eta gaitasunak garatzeko aukera izan dezaten (ikerketa eta talde-lana, berdinen arteko ikaskuntza, erronken ebazpena...).
  • Irakasle zein ikasleek gaitasun digitala hobeto eskuratzea, teknologia digitalen hezkuntza-integrazioa irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren elementu eraldatzaile gisa lortzeko.
  • Eskolako espazioek duten garrantziaz eta ikaskuntzan duten eraginaz hausnarketa egitea. Ikasgela espazio malgu, eroso, sortzaile eta inspiratzaile bihurtzea, antolamendu fisikoan eta ikasgelaren girotzean aldaketak sartuz.

Espazio malgu eta ireki horiek ikasleen jakin-mina eta ikertzeko nahia sustatzen dute. Ikasleek ikaskuntza praktikoagoa eta testuinguruan egokiagoa lortzen dute.