Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak ikastaro berri bat eskainiko du hezkuntza-arloko errazte estrategikoaren bueltan: Hezkuntza-erakundeetan aldaketa erraztea espezializazio-ikastaroa.
TeamLabs-ekin batera diseinatutako ikastaro horrek hiru helburu nagusi ditu. Batetik, ulertzea zer den XXI. mendeko eskola, zer erronka dituen aurrez aurre, zer behar dituzten lantaldeek erronka horiei heltzeko, zer gaitasun behar dituen XXI. mendeko eskolak gizarteari erantzuteko. Bestetik, aztertzea norantz doan berrikuntza; bere ibilbide guztian zehar, eskolak ez dio eraldatzeari utzi, eta, azkenaldian, aurrez aurre dituen aldaketak hain azkar doazenez, zalantzan jarri da ea ba ote duen horretarako gaitasunik eta arintasunik. Zer zentzu du berrikuntzak? Zer elementuri erreparatu behar die? Zer beharri erantzun behar zaie testuinguru bakoitzean? Azkenik, ikustea ikastetxea aldaketarako unitate gisa. Nola bideratu eraldaketa-prozesua sistemaren konplexutasuna kontuan izanda, ahots guztiak aintzat hartuta eta errazterako tresna egokiak erabilita.
Hartzaileei dagokionez, honako hiru multzoetako profesionalak dira ikastarora deituak:
1. Derrigorrezko Hezkuntzako eta Derrigorrezkoa ez den Hezkuntzako Ikastetxeetako zuzendaritzaz, koordinazioaz eta aldaketa-prozesuez arduratzen diren pertsonak.
2. Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH), Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta unibertsitateetako irakasleak.
3. Ikasketa informaleko arloetan zuzendaritza, koordinazioa eta aldaketa-prozesuak dituzten pertsonak.
Modalitate hibridoan eskainiko da ikastaroa; eduki gehienak online emanda baina, horiek osatzeko, sei orduko bi workshop presentzial eskainita. Matrikulatuen arabera, worshop-ak egingo dira Bilbon ala Madrilen. Hizkuntza ere, matrikulatuen jatorriaren arabera erabakiko da. Ikastaroa hasiko da 2024ko maitzaren 5ean eta bukatuko da uztailaren 7an.
Arantza Ozaeta Hezkuntza berrikuntzan doktorea eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle eta ikertzailea izango da ikastaroaren gidaria.
Ikastaroa
Hezkuntza-aldaketa puri-purian dago, eta "hezkuntza-berrikuntzaren udaberria" eta gisako mantrak ere entzuten dira. Era guztietako eskolak ari dira kontzeptuak birpentsatzeko fenomeno globalean murgiltzen; besteak beste, eskola, ikasteko eta irakasteko moduak, aldaketa-prozesuak, haien kudeaketa, lidergoa eta rolak, ikaskuntza-komunitateen eta ikasten duten erakundeen auzia birplanteatzeko asmoz. Aldaketa prozesuak konplexuak izaten dira, eta beharrezkoa da prozesuok hobeki ulertzen lagunduko diguten tresnak eskura-tzea, konplexutasun horretatik abiatuta hezkuntzakomunitateentzako erantzun esanguratsuak eraikitzeko.
Modulua esperientzien analisian oinarrituko da, eta askotariko testuinguruetako hezkuntza-aldaketa eraldatzaileari buruzko kontakizunak entzuteko aukera izango da. Azken batean, hezkuntza instituzioaren aldaketa-prozesuaren gakoetan murgiltzea da helburua, kontuan izanda halako prozesuen oinarrian egon daitekeen tresnarik boteretsuenaren bitartez eraikitzen dela aldaketa hori, hots, lantaldeen errazte estrategikoaren bitartez.
Informazio gehiago:
Marisa Sarralde
620 659 017
marisa@teamlabs.es