Beste Berriak

HASIERAKO LANBIDE HEZIKETA: Gizarte-kohesioaren aldeko apustua egiten duen Lanbide Heziketako eredu berria (II)

Kolektiboen aniztasuna

Hasierako Lanbide Heziketa askotariko ikasleei arreta emateko diseinatu da. Kolektibo
hauei eman ahal izango die arreta:

  • Abilezia, trebetasun eta gaitasun praktikoak dituzten ikasleak: bi ikasturteko Lanbide Heziketako ziklo arruntak egingo dituzte. Ikasle horien lehentasunezko helburua DBHko titulua lortzea izango da, ondoren Batxilergoan edo Erdi Mailako prestakuntza-ziklo batean ikasten jarraitzeko.
  • Ikasteko zailtasunak dituzten ikasleak: bi ikasturteko ziklo arruntak egingo dituzte, baina oinarrizko graduko tituluari emango zaio lehentasuna. Halaber, DBHko titulua lortzen lagunduko zaie. Ibilbide hau irteera profesionaletara bideratuko da, baina ikasleek Erdi Mailako prestakuntza-zikloetan jarraitu ahal izango dute ikasten. Erdi Mailako teknikariaren titulua egiaztatzen badute, ondoren espezializazio-ikastaro bat egin ahal izango dute eta/edo Goi Mailako prestakuntza-ziklo batean sartu.
  • Dibertsitate funtzionala duten pertsonak: curriculuma egokitutako prestakuntzazikloak egingo dituzte. Zikloek hiru ikasturteko iraupena izan dezakete. Lehentasuna emango zaie lana errazago lortzeko prestakuntza-zikloei eta praktikak egiteko testuinguru egokia diseinatuko da. Prestakuntzak, gainera, aukera emango du katalogo modular malguaren bidez ikasteko, hau da, moduluak zatika egiteko aukerarekin.
  • Titulaziorik ez baina lan-esperientzia duten pertsonak: lanean ari diren eta profesionalizatzeko prestakuntza-ibilbide batean sartu nahi duten helduei zuzenduta, baldin eta ez badituzte lortu aldez aurretik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako konpetentziak. Lan-esperientzia egiaztatuko dute konpetentzia egiaztatzeko egituraren bidez. Prestakuntza-eskaintza oso malgua jasoko dute.
  • Titulaziorik gabeko langabeak: prestakuntza oso malgua jasoko dute - Lanesperientzia egiaztatuko dute, izatekotan, konpetentziak egiaztatzeko egituraren bidez, baldin eta horrek lotura badu egingo duten prestakuntzaren xedesektorearekin. Lehentasuna emango zaio lana errazago lortzeko prestakuntzari.
  • Prestakuntza egiaztatua duten migratzaileak: eskatutako baliozkotzeak eskatuko dituzte eta baliozkotzeak ahalbidetutako prestakuntza-zikloa egingo dute. Dagokien titulazioa lortuko dute.
  • Prestakuntza egiaztatu gabeko migratzaileak: hauen helburua lanbide bat lortzea izango da. Katalogo modular malguaren bidez landuko da ikaskuntza, eta prestakuntza irteera profesionaletara bideratuko da, baina, ahal izanez gero, prestatzen jarraitzera bultzatuko zaie.

Dibertsitate funtzionala duten pertsonek, titulaziorik gabekoek eta migratzaileek, lortzen duten prestakuntza-mailaren arabera, honako hauek eskuratu ahal izango dituzte: konpetentziaren egiaztapen partziala; konpetentziaren egiaztapen bat; ziurtagiri profesional bat; edo Lanbide Heziketako titulu bat (titulazioak biltzen dituen modulu guztiak gaindituz gero).