Detektatzen direnetik neurriko erantzunak eman arte
Estrategia urtero abiarazten da Lehen Hezkuntzako 1. eta 6. mailetan matrikulatutako ikasleekin, eta koordinatutako hainbat helburu bilatzen dira baheketaren lehen fasetik ebaluazio pedagogikoaren hirugarren fasera arte. Helburu nagusia da gaitasun handiko ikasleen detekzioa eta haiei eman beharreko hezkuntza-erantzuna hobetzea eta hezkuntza-komunitate osorako jarduketak sistematizatzea.
Prozesuan parte hartzen duten eragile nagusiak honako hauek dira: familiak (askotan hezkuntza-sistemari seme-alabekiko hezkuntzako esku-hartzearen inguruko kezka helarazi diotenak), irakasleak, irakasle aholkulari eta orientatzaileak, ikasleak berak eta hezkuntza-laguntzaren berariazko premien inguruko Berritzeguneetako aholkulariak.
Lehen Hezkuntzako 1. mailan, lehen fasea (baheketa-fasea) otsailean burutu zen, eta Lehen Hezkuntzako 6. mailan, berriz, apirilean. Guztira, 40.410 ikaslek parte hartu zuten. Fase horretan, irakasle tutoreek, irakasle aholkulari/orientatzaileen laguntzarekin, adimen-gaitasun handien behaketa egin eta behaketa-eskalak bete zituzten. Lehen fase horretan lortutako informazioaren bidez, bigarren fasera igaroko ziren ikasleen ehunekoa zehaztu ahal izan zen (% 16,7).
Bigarren fasea (detekzio espezifikoa) 2023ko martxotik apirilera bitarte burutu zen Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleekin, eta maiatzean 6. mailakoekin, eta zuzeneko behaketak, galde-sorta espezifikoak, detekzio-probak eta elkarrizketak (familiekin) egin ziren. Lortutako informazioarekin, profil indibiduala zehaztu zen, eta adimen-gaitasun handiekin bateragarria zen profila zuten ikasleak azken fasera (ebaluazio psikopedagogikoa) igaro ziren. Fase hori adimen-gaitasun handiko ikasle bakoitzari eman beharreko hezkuntza-erantzunaren proposamenarekin amaitzen da. Zeregin hori ikastetxeko irakasle aholkulari/orientatzaileek, Hezkuntza Laguntzaren Berariazko Premien (HLBP) inguruko aholkulariek eta irakasle taldeko gainerako irakasleek egiten dute. Azken etapa hori maiatzetik ekainera bitarte burutu zuten Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleek.
Prozesu osoan, gaitasun handietan adituak diren Deustuko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikertzaileen talde baten laguntza jasotzen da. Fakultate horrek adimen-gaitasun handien izaeraren inguruan sentsibilizatzen eta prestatzen ditu hezkuntza-arloko profesionalak, detekzio eraginkorra bultzatzeko. Halaber, hezkuntzaproposamenak egiten ditu eta ikasleak identifikatzeko prozesuak aztertzen ditu. Deustuko Unibertsitatearen inplikazioaren beste helburu bat da arlo horretako ikerketalanak garatzea eta biltzea.