Hezkuntzako sailburuorde Begoña Pedrosak eta Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendari Lucía Torrealdayk adimen-gaitasun handiak dituzten ikasleak identifikatu eta detektatzeko eta haiei hezkuntza-erantzuna emateko estrategiaren lehen ezarpenaren ondorio nagusiak aurkeztu dituzte gaur. Ekimenak adimen-gaitasun handiko ikasleei hezkuntza-arreta emateko Planaren helburu nagusietako bati erantzuten dio: ikastetxean ikasle horiekiko esku-hartzea sistematizatzea, haien hezkuntza-arrakasta sustatzeko.
Gaitasun handiak dituzten neska-mutilek berariazko hezkuntza-premiak dituzte, eta premia horiek detekzio goiztiarra eta ikasleen ezaugarri eta ahalmenetara egokitutako hezkuntza-erantzuna behar dute.
Ikasle horiek detektatzea beharrezkoa da haien baliabide intelektualak, gaitasunak, errendimendua, ikasteko estiloa, interesak, etorkizun-sena, ezaugarri pertsonalak eta emozionalak eta abar ezagutzeko. Horren bidez, erantzunik egokiena eskaini ahal izango da goiz. Azken batean, xedea da ikasteko aukerarik handienak eskaintzea, ikasleen garapen emozionala bultzatzea eta haien ahalmena eta konpetentziak garatzea.
Askotariko profila
Adimen-gaitasun handiko pertsonen familiak eta gizarte- eta kultura-inguruneak askotarikoak dira, eta pertsona horiek desberdintasun indibidualak agertzen dituzte lorpen akademikoei eta garapen sozial, emozional eta kognitiboari dagokienez. Ikasle horien ehuneko handi batek bere eskola-bizitza era negatiboan bizitzeko eta sisteman porrot egiteko arriskua dago.
Ikasle horien profilak ez dio ikasle-tipologia bakar bati erantzuten, eta, beraz, hezkuntzakomunitatean finkatu diren mito edo oker jakin batzuk gainditu behar dira (“ikasle horiek ez dute laguntzarik behar, erraz detektatzen dira, edota arrakasta handia dute akademikoki eta arlo guztietan”). Gainera, oso garrantzitsua da kontuan hartzea kulturaestereotipo, genero-rol eta beste aldagai jakin batzuek zaildu egiten dutela gaitasun handiko neskak detektatzea, beren ahalmenak ez agertzeko eta beren gaitasun handia ezkutatzeko joera izaten baitute.
Ikastetxeen errealitateak kontuan hartuta (errealitate horiek ere askotarikoak dira), gaitasun handiak dituzten pertsonen identifikazioa errazten eta sistematizatzen duen prozedura bat ezarri da, eta prestakuntzak eskaini zaizkie hainbat hezkuntza-etapatako ikastetxe publiko eta itunpekoetako irakasle tutoreei, irakasle aholkulariei eta irakasle orientatzaileei.