Prestakuntza

Euskal Unibertsitate-prestakuntza Duala, eredu

Bosnia-Herzegovinako, Serbiako, Austriako eta Alemaniako zortzi unibertsitateko zenbait arduradunek, herrialde horietako hainbat enpresaren ordezkariekin batera, Eusko Jaurlaritzaren Vitoria-Gasteizko egoitza bisitatu zuten martxoaren 3an. Unibertsitate eta Ikerketa sailburuorde Adolfo Moraisekin eta Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendari Miren Artarazekin batzartu zien bertan. Horiek guztiak Euskadin egon ziren egun horietan, Hezkuntza Sailak bultzatzen duen Unibertsitate eta Enpresaren arteko Estrategia bertatik bertara ezagutu nahian; interes berezia zuten estrategia horren barruan Euskal Unibertsitate Sisteman (EUS) garatzen ari diren unibertsitate-prestakuntza dualeko esperientzietan.

Egun horietan Euskadi bisitatzen ari ziren Bosniako lau unibertsitateek eta Serbiako unibertsitateak lankidetza estuan ziharduten IMH Makina Erremintaren Institutuarekin (UPV/EHUri atxikitako ikastegia). Horrela bada, datorren ikasturtean hasiko dira prestakuntza dualaren eredua beren titulazioetan gauzatzen, euskal eredua erreferentziatzat hartuz. Bestalde, Austriako eta Alemaniako unibertsitateek irakaskuntza dualak gauzatzen hasiak dira  dagoeneko, baina IMHrekin lankidetzan hasteko interesa erakutsi dute, esparru horretan dituzten esperientziak trukatzeko helburuarekin.

Unibertsitatea+Enpresa Estrategia

Lakuan egin zuten lan-bileran, Eusko Jaurlari-tzak 2017an abian jarri zuen Unibertsitatea+Enpresa Estrategiaren giltzarriak eta ezaugarri nagusiak azaldu zizkien Adolfo Morais sailburuordeak Europako ordezkariei. Estrategiaren helburuetako bat da enpresa-eremuaren premiei aplikatu eta egokitutako osagai bat duen gaitasun handietako giza kapitala prestatzea. Horregatik, estrategiaren jarduketa-ildo nagusien artean dago unibertsitate-titulazio dualak sortzea eta inplementatzea, ikasleek fakultate edo eskoletan bezalaxe sektoreko enpresetan ere har dezaten prestakuntza.

Prestakuntza dual horrek dituen berezitasunez eta ikasleei eskaintzen dien trebakuntza espezifikoagoaz gain, Moraisek estrategiaren barruan orain arte lortu diren emaitzarik adierazgarrienak ere azaldu zituen: 4Gune klusterra sortzea (Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologia prestakuntzako klusterra); enpresa-erronkak ebazteko programa abian jartzea, EUS-eko ikasleen aldetik; edo 4.0 Industriaren arloko Gaitasunen Mapa sortzea.

Enpresetarako bisitak

Martxoaren 2an hasi zen Europako unibertsitate eta enpresak Euskadira egin zuten bisita, IMHk Elgoibarren dituen egoitzan. Bertan, ikastegiak inplementatzen duen prestakuntza dualaren eredua aurkeztu zuen. Ondoren, ikasleak beren lantegi eta instalazioetan prestatuz modalitate dual horretan parte hartzen duten enpresa batzuk bisitatu zituzten. Aukera izan zuten, gainera, ikasle horiekin hitz egin eta haien esperientzia bertatik bertara ezagutzeko. Martxoaren 3an, arratsaldean, eta 4an, prestakuntza-modalitate horretan sakontzen eta jakingarri gehiago jarraitu zuten, IMHn.

Eusko Jaurlaritzak 2017an Unibertsitatea+Enpresa Estrategia abian jarri zuenetik, Euskal Unibertsitate Sistemako 47 unibertsitate-titulaziok lortu dute Unibasqu-eren (Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren) aipu duala. Ordutik 2021. urtera arte trebakuntza mota hau jaso duen ikasle kopurua haziz joan da urtez urte Euskadin: guztira 4.857 ikasle hasieratik, eta horietatik 1.718 2021ean.

Euskararen erabilera lan munduan

“LH DuaLa Euskaraz” aitortza ekitaldia egin zuten otsailaren 18an, Bergarako Miguel Altuna LHII institutuan. Euskararen erabilera zabaltzeko ahaleginean erreferente diren Gipuzkoako lantoki eta Lanbide Heziketako ikastetxe eta ikasleei beraien jarduna aitortu zotzaien. Ekitaldian Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzak eta Hizkuntza Politika Sailburuordetzak eta LANEKI elkarteko ordezkariek parte-hartu zuten, Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, buru zutela.

Bertan izan ziren, baita ere, Ainitze Blanco (Lanekiko presidentea), Nicolas Sagarzazu (Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Plangintza eta Antolaketako zuzendaria), Josune Zabala (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria), Jabier Larrañaga (Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua) eta Garbiñe Mendizabal (Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria).

LH DuaLa Euskaraz egunero bizitzen

Euskaraz, balioa erantsi lanari lemapean, Lanbide Heziketan euskarak duen balioaren kontzientzia eta jarrera piztea zuen helburu LH DuaLa Euskaraz egitasmoak. Hain zuzen ere, heziketa eta lana euskaraz garatzeak duen balioa ikusaraztea eta Lantokiko Prestakuntza eta Duala (LP-Duala) euskaraz ari diren lantokien komunitateko esperientziak aitortzea zuen xede. Lanbide Heziketarako euskarazko baliabideez arduratzen den LANEKI elkarteak eta Lanekiren elkartekideak diren Ikaslan eta Hetel elkarteek, erakundeekin elkarlanean dihardute euskarazko LH-Duala sustatzen.

Gipuzkoan, egun, 2.700 lantoki baino gehiagotan egiten da Lanbide Heziketa Duala Euskaraz. Besteak beste, “LH Duala Euskaraz” egitasmoaren bitartez, enpresa horien berri jasotzen duen gida bat eta geomapa bat argitaratu da. Informazio guztia lhdualaeuskaraz.eus webgunean dago kontsultagai.

Euskaraz, balioa erantsi lanari lemapean, Lanbide Heziketan euskarak duen balioaren kontzientzia eta jarrera piztea zuen helburu LH DuaLa Euskaraz egitasmoak. Hain zuzen ere, heziketa eta lana euskaraz garatzeak duen balioa ikusaraztea eta Lantokiko Prestakuntza eta Duala (LP-Duala) euskaraz ari diren lantokien komunitateko esperientziak aitortzea zuen xede. Lanbide Heziketarako euskarazko baliabideez arduratzen den LANEKI elkarteak eta Lanekiren elkartekideak diren Ikaslan eta Hetel elkarteek, erakundeekin elkarlanean dihardute euskarazko LH-Duala sustatzen.

Goizper Group, Astigarraga Kit Line eta VIVEbiotech, sarituak

Egindako lanaren errekonozimenduari ere tarte garrantzitsua eskaini zitzaion ekitaldian. Lehenik eta behin, Egunean Behin lehiaketaren sari banaketa egin zuten. Izan ere, jokoaren olatuarekin bat eginez, “LHduala Euskaraz” taldea sortu eta Gipuzkoako lanbide heziketako ikasleekin jokatu zen lehiaketa hori. Gipuzkoako 750 gaztek parte hartu zuten galdera-erantzunen lehiaketan eta astero irabazle bat izan zen.