Apirilaren 22ko astean egin ziren Euskadiko elikagaien industriarako nazioarteko azoka garrantzitsuenetako bi: Gourmets azoka Madrilen, eta Seafood Expo Global Bartzelonan. Euskadiko elikagaien eta edarien 30 enpresa ekoizlek hartu zuten parte bi ekimen horietan Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak HAZIren bidez antolatutako Euskadi Basque Country standaren barruan.
Parte-hartze hori beren produktuak saltzeko enpresei merkatu berriak topatzen laguntzeko onartutako 2024ko Sustapen Planean jasota dagoen nekazaritzako elikagaien industria nazioartekotzeko eta bultzatzeko estrategiari lotuta zegoen.
Hilaren 23an, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek eta Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendari Raúl Perez Iratxetak atzotik Gourmets Aretoaren 37. edizioan parte hartzen ari ziren euskal enpresak bisitatu zituzten. Azoka horretan, banaketako, ostalaritzako eta sukaldaritzako 2.000 erakusketari baino gehiago eta 100.000 bisitari profesional inguru bildu ziren.
Madrilgo azokan, Euskadiko 22 enpresa ari dira haien produktuak erakusten Euskadi Basque Countryren standaren barruan, eta beste hamar markak, aldiz, modu indibidualean hartu zuten parte.
Gourmets aretoa da kalitatezko elikagaien eta edarien Europako azoka nagusia eta mundu osoan prestigio handiena duen erreferenteetako bat. Bertan, gama altuko joerak erakusteaz gain, gastronomia arloko Estatuko eta nazioarteko profesionalak topatzeko aukera zegoen. Aurtengo edizioan, sektore nagusia ardoena izan zen. Hala, erakusketa eremuaren % 33 inguru bete zuen sektore horrek; hurrengoa kontserbena izan zen, % 17rekin; eta beste edari batzuek eta gozoen eta gozogintzaren sektoreak Gourmets aretoko 65.000 m2-ko azaleraren % 15 bete zuten.
Seafood, itsasoko produktuen erakusleihoa
Bestalde, apirilaren 23an ireki zituzten Bartzelonan Seafood Expo Global azokaren 30. edizioaren ateak. Horixe da mundu mailan Europako arrantza- eta eraldaketa-industriako azoka garrantzitsuena eta arraina merkaturatzen duten sektoreei zuzenduta zegoen. 34.000 bisita baino gehiago jaso zituen.
Bartzelonako azokan ere Euskadik taldeko partaidetza izango zuen Euskadi Basque Country standaren bidez. Hala, itsasoko produktuen eta kontserben Euskadiko zortzi enpresa bildu ziren bertan. Gainera, Euskadiko beste 10 enpresa joan ziren haien berritasunak beren standen bidez erakustera.
Guztiek jaso zuten Oroz sailburuordearen eta Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren, Leandro Azkueren, bisita.