Beste Berriak

Lanbide Heziketako 5.0 Gastronomia Topaketak teknologia, jasangarritasuna eta osasuna hartu zituen ardatz (III)

Pasioa eta profesionaltasuna

Sailburuak topaketari hasiera eman ondoren, Tabakalerako Prisma guneko saioak gaiari heltzen hasi ziren, aurkezpenik behar ez duten euskal gastronomiaren bi izen garrantzitsurekin: Pedro Subijana eta Joseba Argiñano. Izan ere, topaketa honen helburua zen, era berean, sukaldari ospetsu handien eta gastronomiaren esparruan nabarmentzen diren belaunaldi gazteen arteko lotura ezartzea.

Pedro Subijana sukaldariak, Akelarre jatetxean –gaur egun hiru Michelin izar dituen jatetxean- hainbat hamarkadatan izandako esperientziatik abiatuta, sukaldaritzarekiko duen pasioa eta profesionaltasunaren garrantzia azaldu zien bildutakoei. Bestalde, Joseba Argiñano komunikazioak gastronomiaren arloan duen garrantziaz aritu zen, hau da, Euskadiko gastronomian gaur egun egiten den lan ona komunikatzen jakiteaz eta erakusteaz.

Aukera arloa

Topaketa honen lehen panela “Ostalaritza: aukera ugariko arloa” goiburupean egin zen. Lau saiotan, hainbat sektoretako adituek gai horri heldu zioten. Ekintzailetza aukerez, erronka berriez eta ostalaritzaren sektoreak eskaintzen dituen aukerez hitz egin zuten Jokin Zubeldiak (Abrainnova, elikagaien eta edarien merkaturatzea, inportazioa eta esportazioa), Ignacio Casasek (Gatik, negoziorako eta berrikuntzarako aholkularitza) eta Edorta Aurekoetxeak (Laluca, negozio-garapena eta komunikazio-aholkularitza). Ondoren, Jose Luis Larrea ekonomialaria etorri zen, eta gastronomia arloko berrikuntzaz aritu zen.

Panel honetan bertan Raquel Virto ikertzailearen hitzaldia izan zen. Elikaduraren joera berrien ikerketan ari da lanean. Etorkizuneko elikaduraren osagaiak jarri zituen mahai gainean, hala nola, landutako haragia, doitasunezko hartzidura edo intsektuz egindako proteina berriak. “Etorkizunekoak” baina dagoeneko errealitate diren elikadura-iturri horien osaera edo propietate nutrizionalak azaldu zituen. Panel hau itxi zuen Elika Fundazioko zuzendari Arantza Madariagak. Jatetxe arloan jasangarritasuna premiaz jorratu beharreko beharreko gai gisa jorratu zuen, eta, aldi berean, azken urteotan elikagai berriak lortzeko garatzen ari diren lan-ildo berritzaileak azaldu zituen, orain arte hondakintzat jotzen zenetik abiatuta.