Teknologia digitalak gastronomian
Irekiera-ekitaldian, Bildarratz sailburuak mundua bizi izaten ari den aldaketak –gastronomian ere bai – izan zituen hizpide, baita horietara egokitzeko beharraz ere, ikasleak behar bezala prestatuz. "Gure gizartearen etorkizuna zehazten ari gara momentu honetan. Oso bestelako mundu bat proiektatzen digun etorkizuna. Aldaketak etengabekoak dira, eta horietara egokitzea eskatzen dute. Baita gastronomian ere. Nahiz eta, ziur aski, sukaldearen esentziak bere horretan iraungo duen, eta sukaldaritza tradizionalak gure erreferente izaten jarraituko duen, sukaldaritzak ere errealitate berri bat bizi du. Etorkizuneko profesionalengan pentsatuz, gure ardura da neska-mutil horiek etengabe eraldatzen ari den gizarte batean garatu ahal izateko prestatzea". Horretarako, esan zuen, beharrezkoa da metodologia berriak ezartzea eta ikasleak gaur egun gastronomian aplikatzen diren teknologia digitaletan trebatzea.
Sailburuak adierazi zuenez, 5.0 Gastronomiarantz goaz. Gastronomia horren elementu nagusiak "teknologia, berrikuntza, iraunkortasuna eta osasuna" dira eta, besteak beste, gastronomiari aplikatutako robotika, ingurune gastronomikoak eta antzeko teknologiak darabiltza. Ikerketa eta berrikuntza aplikatuaren aldeko apustua egiten jarraitzeko beharra ere azpimarratu zuen, hala nola, "agroteknologia, bioekonomia edo elikadura jasangarria, bizitza osasungarria sustatuz", eta “baita "elikagai berrien ekoizpena eta elikadura modu berrien ikerketa ere”.
Azkenik, ostalaritza-eskolei buruz "Euskadiko sukaldari onenetako asko horietatik atera baitira", eta eskola horiek elikadura-ohitura onak sustatzeko duten funtsezko zereginaz hitz egin zuen. "Askotan errepikatzen dugu ez dela nahikoa profesional onak prestatzea, pertsona onak behar ditugula. Prestakuntza humanista negoziaezina da, gure gizarteak denok nahi dugun norabidean aurrera egingo badu. Gaur eta bihar honetaz guztiaz hitz egingo da. Gastronomia, aurrerapenak, pertsonen balioa eta etorkizuna. Dena lotuta dago, dena da bat. Hamaika ahotsen parte-hartzearekin, Lanbide Heziketak elikadura-ingurune osasuntsu bat sortzeko funtsezko zeregina izan dezan ekarpena egingo da, pertsonek elikadura-praktika teknologikoak, berritzaileak, iraunkorrak eta osasungarriak hartu eta mantendu ahal izan ditzaten".