Beste Berriak

Lanbide Heziketako 5.0 Gastronomia Topaketak teknologia, jasangarritasuna eta osasuna hartu zituen ardatz (I)

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eman zion hasiera otsailaren 22an Donostian Euskadiko Lanbide Heziketako 5.0 Gastronomia Topaketari. Hezkuntza Sailak antolatuta, 180 pertsonatik gora batu ziren Tabakaleran, batez ere Ostalaritzaren esparruko Lanbide Heziketako ikastetxeetako arduradunak —horiei zuzenduta baitzegoen—, baina, baita nazioarteko proiekzioa duten sukaldariak (horietako batzuk Euskadiko Lanbide Heziketako Ostalaritza Eskoletako ikasle ohiak), familia-tradizioko gozogileak eta gastronomiaren eta turismoaren sektoreko enpresetako arduradunak ere. Bigarren edizio honetako ponentzia mahai-inguru eta hitzaldiek hiru ardatz nagusi izango zituzten: teknologia, jasangarritasuna eta osasuna.

5.0 Gastronomia Topaketa honen helburua zen Lanbide Heziketatik gastronomiaren arloan egiten ari diren aurrerapenak ikusaraztea, batez ere teknologiaren, jasangarritasunaren eta osasunaren ikuspegitik. Ikastetxe horiek bultzatzen ari diren berrikuntzan jarri zen arreta uneoro, jardunbide egokiak partekatu ziren eta Lanbide Heziketako Estatu osoko ostalaritza-eskolen artean ezagutzak trukatu ziren. Gastronomian ari diren belaunaldi ezberdinen arteko topagune ere izango zen Tabakalera.

Topaketak lehen hitzordua hilaren 22ko arratsaldean izan zuen, Donostiako Aquariumean, eta Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuordeak harrera egin baitzien Estatuko ia autonomia erkidego guztietatik Donostiara iritsi ziren 60 ostalaritza-eskolen arduradunei. Horien artean, zortzi eskola Euskadikoak ziren.