Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzak jarri zuen abian berdinen arteko mentoretza-programa, eta bederatzigarren edizioa du bere historiako ikasle mentoreen kopuru handienarekin: ehun. Graduko goi-mailako ikasle horiek mentore-lanetan arituko dira hala nahi duten ikasle berrientzat. Irailaren 2tik 10era arte egon zen zabalik ikasle horiek “online” inskripzioa egiteko epea. Programa horren bidez, mentoreek gai akademiko eta administratiboei buruzko informazioa eta aholkuak ematen dizkiete lehen ikasmailako zazpi ikasleri gehienez ere.
NUPek ikasle mentoreei ongietorria egiteko jardunaldia egin zuen berriki. Jardunaldian parte hartu zuten Cristina Bayona Sáez Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeak eta Ritxar Arlegi Pérez Ikasleen Arloko zuzendariak.
Mentoreek prestakuntza osagarriko bi ECTS kreditu (50 orduren baliokidea) lortzen ahal dituzte gehienez, eta konpromisoa hartzen dute prestakuntzako lantegietara joateko; mentoretzapean daukaten ikasle taldearekin bilera egiteko seihileko bakoitzaren hasieran; ikasleen banakako kontsultei “online” erantzuteko; eta ikasleengan unibertsitateko independentzia eta autonomia bultzatzeko, lanerako eta ikasketarako ohitura eraginkorrak gara ditzaten. Mentore-lana bukatutakoan, laguntza jaso duten ikasleek berek ebaluatzen dituzte.
Programak 2.514 parte-hartzaile izan ditu hastapenetik
Beste lankide batzuentzat mentoretza-lanak egin dituen Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikasle-kopurua handitu egin da pixkanaka ikasturtez ikasturte. Programa hasi zenean, 2016-17 ikasturtean, 23 mentore zeuden, eta ikasturte honetan, berriz, ehun. Hortaz, orain arteko markak hautsi dira. “Ikasleen Kontseiluaren eskaera bat dago programaren ernamuinean, eta sendotu egin da urteekin. Unibertsitatearentzat oso garrantzitsua da. Lehen ikasmailako ikasleak nahiko galduta egoten dira, eta mentoreek konfiantza eta lasaitasuna ematen dizkiete titulazio bereko ikasle gisa izan duten esperientzia partekatuz. Irakasleek ezin dute hori egin”, Cristina Bayona Sáez NUPeko Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeak.
Bestalde, mentoreen aholkuak jaso dituzten ikasleen kopuruak ere gora egin du, eta hasierakoak halako bost baino gehiago dira egun: programaren lehen urtean 105 ikasle ziren, eta 2023-24 ikasturtean, berriz, 518 ikasle. Zifra globaletan, zortzi ikasturte horietan, 2.152 lagun mentorizatu dituzte goi-mailako 362 ikaslek.
Programa amaitzean, mentorizatutako ikasleek mentoreen lana ebaluatzen dute. Zazpi urte hauetan, mentoreen batez besteko puntuazioa 10etik 8,3 puntukoa izan da. Bestalde, mentoreek mentoretza-programaren edukia eta jasotako prestakuntza baloratzen dute, eta batez besteko puntuazioa 10etik 8,2 puntukoa da.