Unibertsitatea

Dirulaguntza HiTZ ZENTROrako

Eusko Jaurlaritzak 1.680.000 euroko dirulaguntza emango dio Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) HiTZ ZENTROari alor digitalean euskararen presentzia handitzeko helburua izango duten teknika berriak ikertzeko eta hizkuntza-teknologiaren inguruko sarea indartzeko. Horrela azaldu zuten Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriak eta UPV/EHUko errektore Eva Ferreirak Donostian kokatuta dagoen HiTZ ZENTROAn egin zuten bisitaren ostean.

Egungo eta etorkizuneko teknologiek testuzko eta ahozko datu-masa erraldoiak eskatzen dituzte hizkuntza bakoitzeko. Aldiz, euskarak eta hizkuntza txikiagoek eskaini ahal dituzten datuak ez dira nahikoak gaur egun teknologia horiek behar adinako kalitatea izateko. Horregatik, “ezinbestekoa” da hizkuntza-teknologian ikertzea euskarak gero eta ohikoagoak izango diren teknologietan presentzia izateko eta beste hizkuntzen parera eramateko.

Horrela, Eusko Jaurlaritzak HiTZ ZENTROAri bideratutako dirulaguntzaren bitartez bi proiektu landuko dira. Alde batetik, IKER-GAITU hizkuntza teknologiak ikertu teknika berriak lortzeko (1,5 milioi euro) eta bestetik, CLARIAH-EUS sarea osatu eta sendotu (180.000 euro).

IKER-GAITUri dagokionez, landu nahi diren teknika berri horiek hurrengo helburu hauek dituzte:

  1. Euskararen gaitasun maila, idatzizkoa eta ahozkoa, era automatikoan atzemango duen sistema;
  2. Ahots pertsonalizatuen teknologia desgaitasuna duten pertsonengana iristaraztea;
  3. Ahots espontaneoaren transkripzioa, euskara eta gaztelera nahasten direnean eta hainbat hiztun daudenean ere jardungo dena;
  4. Testuzko elkarrizketa-sistema ahaltsuenak (egungo chatGPT edo GPT4 bezalakoak) euskaraz ere beste hizkuntzen pare aritzea. 

Bestalde, bigarren proiektuari dagokionez, CLARIAH-EUS izeneko sarearen laguntza izango dute. CLARIAH-EUS 137 ikertzailek eta euskara ikertzen ari diren 11 ikerketa-talde edo erakundek babestutako sarea bezala jaio da, pertsonen, datuen, baliabideen eta tresnen sarea, alegia. Honek hainbat diziplinatako jendea batzen du (Humanitateak, Artea eta Zientzia Sozialak, besteak beste) eta horrek sinergia gehiago sortzea ekarriko ditu materialak, edukiak eta ezagutzak partekatzeko. Lau ikertzailek proiektua koordinatuko dute eta horretaz gain, sarea edukiz hornitu, erabiltzaileen arteko lankidetza sustatu zein ikertzaileen eskaerak bideratuko dituzte. CLARIAH-EUS Europako sare handi baterako leiho bat da, Europako CLARIN-ERIC eta DARIAH-ERIC azpiegitura zientifikoen parte da eta honek aukera emango die ikertzaileei Europako azpiegitura horietan dauden baliabide eta tresna guztiak eskuratzeko, honako helburu hauek jarraituz:

  1. Euskara eta euskaraz ikertzeko baliabide digital eta aurreratuen inbentario eguneratua mantenduko du.
  2. Humanitate Digitaletan eta Zientzia Sozialetan ikertuko duen komunitatearen proiektuak sustatuko ditu eta zabalkunderako plaza garrantzitsua izango da.
  3. Europako CLARIN eta DARIAH azpiegituretan parte hartzeko bidea urratuko du, baita horietan garatu diren tresnak eta baliabideak erabili eta gure komunitatean erabilienak direnak euskarara egokitzeko lana egingo du.