CIC energiGUNE, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurtzean eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroa, zero emisio garbiarekin hondakin plastikoak hidrogeno garbian eta balio erantsi handiko karbono-materialetan baloratzeko metodo berritzailea garatzeko lanean hasi da. Ikerketa planetan dagoen kutsadura-arloko arazo handienetako bat eragin duten hondakin plastikoen balorizazioa eta hidrogeno garbiaren eta karbonozko materialen deskarbonizatutako ekoizpena konbinatzen diren Europako WASTE2H2 proiektuaren barruan dago.
“Proiektu honek gaur egun gizarteak eta planetak aurrean dituzten erronka garrantzitsuenetako batzuei inpaktu anitzeko erantzuna emateko aukera emango digu, hala nola gure ekosistema naturala mehatxatzen duten hondakin plastikoen kudeaketari edo energia garbia sortzeari”, ziurtatu du Eduardo J. Garcia-Suarezek, IKERBASQUE ikerlari elkartuak eta CIC energiGUNEk WASTE2H2 proiektuan duen ikertzaile nagusiak.
Ildo horretan, aipatu behar da proiektua Europako Batzordearen 2023ko EIC-Pathfinder-Open deialdiaren bidez finantzatu dela. Deialdi horren bidez 53 proiektu finantzatu dira, aurkeztutako 780 proposamenen artean. WASTE2H2 proiektua finantzaketa-zerrenda nagusiko 19. postuan kokatu zen, eta horrek agerian uzten ditu haren proiekzioa eta inpaktu-itxaropenak.
Zehatzago, WASTE2H2k, likido ionikoetan oinarritutako sistema katalitiko berritzaileen garapena eta mikrouhin bidezko irradiazioa konbinatzen dituen metodologia disruptiboa garatzea planteatzen du. Horrela, lehengai gisa hondakin plastikoak erabiliz purutasun handiko hidrogeno garbiaren eta deskarbonizatutako produktu kimiko baliotsuen -adibidez, karbono-materialak, ikatz aktibatua edo karbonozko nanotutuak- ekoizpen selektiboa egiteko atea irekitzen da. “Hondakin plastikoek eragindako ingurumen-arazoari eta energia garbia sortzeko beharrari aldi berean heltzeko modua da, klima-aldaketa globalari aurre egiten laguntzeko”, adierazi du Eduardo J. Garcia-Suarezek.
Ildo horretan, WASTE2H2n parte hartu zuten erakundeek -proiektua abiarazteko bilera egin zuten Araban martxoaren 12an- aurrerapen nabarmenak aurreikusten zituzten hondakin plastikoak kudeatzeko eta hidrogeno garbia sortzeko beste proposamen batzuen aldean. Horien artean hauek nabarmentzen ziren: urrats bakarreko metodoa erabiltzea (elektrizitate berriztagarriz elikatua) hondakin plastikoen dekonstrukzio katalitikorako; purutasun handiko hidrogenoa azkar sortzea; karbono-material balorizagarria baterako produktu bakar gisa sortzea (merkaturatzeko erraz berreskuratzekoa); energia-kontsumoa nabarmen murriztea mikrouhinei esker; eta hidrogeno garbia sortzearen kostua murrizteko potentziala, koproduzitutako karbono-materialaren merkaturatzeari esker.