Enplegua

LHko ikasleen laneratzea, % 72,5koa

Duela urtebete, pandemia betean, HETELek (Euskadiko Lanbide Heziketako Abantean ikastetxeen elkarteak) enplegagarritasunari buruzko urteko txostena aurkeztu zuen. Txosten horrek datu oso positiboa ematen zuen Euskal Lanbide Heziketarako, egoera pandemikoan bete betean murgilduta, ikasleen % 66k enplegua lortzen baitzuen ikasketak amaitu eta sei hilabetera. HETELen urteko txosten berriak zifra are hobeak eman ditu, enplegagarritasunaren ehunekoa, egungo ziurgabetasuna gorabehera, % 72,5era iristen baita, aurreko ikasturtean baino sei puntu gehiago.

Zehazki, datu horiek “2020-2021 HETEL ikastetxeetako heziketa-zikloetako lan-egoerari buruzko txostenetik” ondorioztatzen dira. Txosten hori egiteko 25 ikastetxeri buruzko informazioa erabili da (Gipuzkoako 9 eta Bizkaiko 16), guztira 19 lanbide-arlo barne hartzen dituztenak.

Txostena BBKren laguntzari esker egin ahal izan da, erakunde horrek gazteenen laneratzearen alde egindako apustuari esker. Bi erakundeek, zehazki Julen Elgeta HETEL-eko lehendakariak eta Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak, txostena aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan. Txostena burutzeko, azarotik abendura bitartean telefono bidezko 2.500 inkesta baino gehiago egin dira -ikasleen % 70a- beren ikasketak joan den urteko ekainean amaitu zituzten ikasleen artean, hau da, beren heziketa-zikloak amaitu eta sei hilabetera. Ikerketa HETEL ikastetxeentzat iparrorratz bat da, erabakiak hartzeko gako estrategikoak ematen dizkielako, baita HETEL eta Euskadiko Lanbide Heziketarentzat ere bai, datuen gaurkotasunagatik.

Kualifikazio handiagoa, enplegu handiagoa

2020-2021 ikasturtean HETEL ikastetxeetan heziketa-zikloak – Oinarrizko, erdi- eta goi-mailakoak – amaitu dituzten ikasleen enplegagarritasuna % 72,5era iritsi da. Zenbat eta kualifikazio handiagoa, orduan eta laneratze-tasa handiagoa; hala, goi-mailak eskaintzen du enplegagarritasun handiena: % 75,7. Orokorrean, industria- edo teknologia-zikloen laneratzea % 73,3koa da, eta zerbitzu-zikloetan % 70,1ekoa; datu horiek guztiak, Elgetak adierazi duen bezala, oso aldekoak dira.

Bestalde, Euskadin joera dago maila baxuagoko titulazioak dituzten ikasleek beren ikasketak kualifikazio handiagoko etapetan jarraitzea. Horrela, Oinarrizko Lanbide Heziketa ikasi dutenen % 45ek ikasten jarraitzea erabakitzen du, erdi-mailako ziklo batean matrikulatuz. Eta horien % 41 goi-mailako ikasketak egiten ari dira. Gainera, goi-mailako ziklo bateko ikasleen % 27k prestakuntza-ibilbidea egiten jarraitzen du lan-munduan sartu aurretik.

LH maskulinizatua

HETELen ikastetxeetan, Euskadiko Lanbide Heziketako gainerako ikastetxeetan gertatzen den bezala, gazteek, eta bereziki mutilek, izaera industrialeko zikloak eskatzen jarraitzen dute. Hala, industria-alorrekoak dira eskaintzaren zatirik handiena osatzen duten heziketa-zikloak, gazteen aldetik eskaera gehien dutenak. Azterketatik ondoriozta daitekeenez, HETELeko Lanbide Heziketa eta, beraz, Euskadikoa, oso maskulinizatuta dago; % 28 bakarrik dira neskak, eta ehunekoak oso antzekoak dira hiru prestakuntza-mailetan (oinarrizkoan, erdi-mailakoan eta goi-mailakoan). Goi-mailako ikasketetan emakume gehien dituzten zikloak honako hauek dira: Administrazioa eta Finantzak, Gizarteratzea, Haur Hezkuntza, Zuzendaritzari laguntza, Laborategi Klinikoa eta Biomedikoa eta Analisiko eta Kalitate Kontroleko Laborategia; eta Erdi mailako zikloen artean, Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonen Arreta, Administrazio Kudeaketa eta Erizaintzako Zaintza Osagarriak. Ikasketak amaitu dituzten emakumeak aurreko 9 zikloetan kontzentratzen dira, izan ere, emakume guztien % 55a. Hala ere, industria- edo teknologia-zikloak bakarrik kontuan hartuz gero, emakumeen parte-hartzea % 9,4koa da, eta gainerako % 90,6 gizonak dira. Industrialak ez diren zikloetan emakumeen presentzia % 57,2koa da, baina zerbitzuen Lanbide Heziketako eskaintza hori gutxiengoa da HETELeko ikastetxeen eskaintzan.

Laneratze osoaren batez bestekoa (gizonena eta emakumeena) % 72,5 da. Baina emakumeena, HETELen bakarrik % 28a badira ere, % 77,9 da. Datu hori oso handia da, ziklo industrialak edo teknologikoak egiten dituzten emakumeak lanean ari direlako. Horregatik, Elgetak dioen bezala, “kontuan hartu beharreko datua da. Dei egin behar zaie neskei Lanbide Heziketara hurbil daitezen eta, gainera, teknologiatik hurbilago dauden lanbide-familien aldeko apustua egin dezaten, zenbaki interesgarriak baitituzte laneratzeari dagokionez”.

LH Duala

LH duala egin duten ikasleen laneratzea, 6 hilabeteren buruan, enpleguaren % 75,5era iristen da, hau da, % 3ko igoera gertatzen da sistema tradizionalaren bidez garatutako Lanbide Heziketako ikasleen laneratzeari dagokionez. Elgetak azaldu duenez, “osasun-egoeraren eragina enpresetan ere nabaritu bada ere, batez ere sektore jakin batzuetan, Dual programaren barruan LH egin duten ikasleek ikusi dute zenbait heziketa-ziklotan laneratze-tasa % 100ekoa izan dela”.