Uniozio

Adi, Gazte Sortzaileak!

Gazte Sortzaileak gazteen artean euskarazko sorkuntza sustatzeko beka deialdia da. Gaztea eta sortzailea bazara, hau da zure aukera zure artelanak ezagutarazteko.

  • Norentzat: 16 eta 35 urte bitarteko gazteak.
  • Saria: 4.000 euro eta aholkularitza profesionala.
  • Epea: 2023ko uztailaren 14a.

Jarraian, 2023ko deialdiaren oinarriak dituzu:

1. Helburua

Gasteizko Udaleko Euskara eta Gazteria zerbitzuek, Arabako Foru Aldundiaren Euskararen Foru Zerbitzuaren laguntzarekin -administrazio biek partekatzen duten helburua baita- Gazte Sortzaileak beka deialdia sortu du, euskarazko kulturgintza bultzatzeko asmoz. Beka horren helburuak dira:

  • Gazteen artean euskarazko sorkuntza bultzatzea.
  • Gasteizko euskarazko kultura programazioan, besteak beste, eragitea, gazteek gazteentzat sortutako jardueren bidez.
  • Gazteek beren sormena garatzeko aukera-guneak izatea.

2. Hartzaileak

Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek Vitoria-Gasteizen edo Arabako lurralde historikoan erroldaturik egon behar dute eta 16 eta 35 urte bitartekoak izan.

Bi kategoria daude:

  • 1. kategoria: 16-24 urte bitartekoak.
  • 2. kategoria:  25-35 urte bitartekoak.

Bakarka zein taldeka aurkezteko aukera dago.

Taldeka aurkeztuz gero, taldekide guztiek adinaren baldintza bete behar dute; era berean, eta adinari dagokionez, bi kategorietakoak badira, adierazi beharko dute zein kategoriatan aurkeztu nahi duten lana. Bestalde, erroldari dagokionez, taldekide gehienek erroldatuta egon behar dute Gasteizen edo Arabako Lurralde Historikoaren hiri edo herri batean.

Pertsona edo talde bakoitzak proiektu bakarra aurkez dezake.

Gehienez ere, beka bi aldiz jaso ahal izango da bi deialdi desberdinetan.

Pertsona fisikoak izan behar dira proiektua aurkezten dutenak, eta elkarte edo entitate batean izenean egiten badute hala adierazi beharko dute eskaeran bertan.

18 urtetik beherakoek gurasoen edo tutore legalaren baimena beharko dute, eskabide orri orokorraren “Ordezkaria” izeneko atala betez.

3. Proiektuen eta ekitaldien ezaugarriak

Prozesu osoa euskaraz egiteko konpromisoa, sormen-fasetik hasi eta gauzatu arte; bestalde, proiektua Gasteizen edo Araban garatzea eta gauzatzea.

Ahozkotasunari estu-estu loturik, hau da, euskararen ahozko adierazpenak proiektuaren muina izan behar du eta helburu izan behar dute kultura euskaldunari ekarpena egitea. Hartara, proiektuak izaera honetakoa izan daitezke: antzerkia, bakarrizketa, poesia-emanaldia, musika, bertsolaritza, ikus-entzunezkoa, baita diziplinen arteko hibridazioa ere.

Formatu txikiko jarduerak hobetsiko dira.

Lanak jatorrizkoak izan daitezke eta euskaraz sortuak, edo euskarazko lan baten egokitzapena, baldin eta jatorrizko lanaren kalitateak edo interesak hori justifikatzen badute.

Ez dira onartuko itzulpen lan hutsetan oinarritutako proiektuak.

Inoiz taularatu edo jendaurrean aurkeztu gabeak.

Era berean, deialdia abian jartzen denerako proiektua hasita badago, adierazi beharko da zein fasetan dagoen, bestelako laguntzarik jaso den proiektuari hasiera emateko eta zein den deialdi honetan aurkeztuko den berrikuntza. Halako kasuetan bereziki aztertuko du epaimahaiak proiektuaren egokitasuna eta, behar izanez gero, xehetasun gehiago eskatuko ditu proiektuaren gainean.