Uniozio

Zinema eta eskubideak Donostian

Urtero bezala, zinemaldiak hainbat gai izango ditu hizpide, besteak beste Ukrainako gerrako haurren egoera eta Palestinako historia hurbila. Azken gai horretara hurbiltzeko, Palestinako film laburren sorta bat eskainiko da (2019an zinemaldian saritutako Annemarie Jacir zinemagileak egin du komisario lana), eta baita Hiam Abbas aktorearen bizitzaren kontakizuna biltzen duen filma ere. Lanaren etorkizunaz, migrazioa arma politiko eta militar gisa erabiltzeaz eta emaginez ere hitz egingo da, beste gai askoren artean.
 
19:00/20:00etako proiekzioen ondoren egingo diren solasaldietan gaurkotasuneko hainbat gaitan sakonduko da, filmetako ordezkarien eta giza eskubideen arloan lan egiten duten pertsona, aktibista eta erakundeen parte-hartzearekin.
 
El salto
Esan bezala, El salto (2023) filmak, Benito Zambrano zuzendariarenak, inauguratu zuen Donostiako Giza Eskubideen 21. Zinemaldia, Zuzendari andaluza kameraren atzean jarri da berriro, Saharaz hegoaldeko migratzaileek bizi duten egoera salatzen duen istorio berri batekin, Europarako ateetatik igarotzeko ekiten dioten bidaia latza ez ezik, behin Europan sartzea lortu dutenean, bizitza duin bat lortzeko ekiten dioten borroka ere salatzen duen film honetan.
 
Moussa Sylla eta Edith Martínez-Val dira beren bizitzan berealdiko garrantzia izango duen bidaia honetako protagonistak, eta haiekin batera Nansi Nsue, Mariola Fuentes, Paz Sayago, Vicenta Ndongo, Vicky Peña, Norberto Trujillo eta Eric Nantchouang dira aktoreen zerrenda osatzen dutenak.
 
Filmaketa Madrilgo hiriaren, bertako inguruen eta Teneriferen artean egin zen. Espainia eta Maroko banantzen dituen hesia filmatzeko, hogeita hamar metro baino gehiagoko hesi bat eraiki zen, Melillakoaren berdin-berdina.
 
Zuzendariaren hitzetan: "Film hau izan da niretzat -Solasekin batera- orain arte filmatu dudan beharrezkoena, eta lortu nahi izan dugun eta nahi dugun gauza bakarra da ikusleak sentitzea, pateratan iristen diren edo edozein hesitatik salto egiten duten immigranteen irudi bakoitzaren atzean -egunkarietan edo albistegietan ikus daitezkeen horietan-pertsonak daudela, gizaki desesperatuak, etorkizun hobeago baten bila dabiltzanak, haiei ere eskubidez dagokiena. Haiek ez dira barbaroak, gu lapurtzera edo ezer kentzera datozenak. Guztiz kontrakoa baizik: gure gizartea kulturalki aberastera datoz, europarrek egin nahi ez dugun horretan lan egitera eta, batez ere, gero eta zaharrago dagoen kontinentea gaztetzera".
 
Filmax (Barton Films iparraldean) banatzaile duen film hau apirilaren 12an bertan estreinatuko da komertzialki. Donostiako aretoetan SADE taldeak estreinatuko du.
 
  • Sinopsia: Ibrahim Ginea Conakrytik iritsi zen Espainiara, eta orain Madrilen bota ditu sustraiak. Bertan, Mariamarekin bizi da eta igeltsero lanetan dabil. Egun batean atxilotu egiten du poliziak, eta erresidentzia baimenik ez duenez, bere herrialdera deportatzen dute Ibrahim. Une horretatik aurrera, bere helburu bakarra Espainiara itzultzea izango da, Mariamarekin eta jaiotzeko zorian den bere alabarekin elkartzeko. Afrika zeharkatzea lortu ondoren, Gurugu mendian ezartzen da beste batzuekin; Afrika Europatik banantzen duen immigranteen kanpamentu bateana.
 
Zinema eta Memoria (Tabakalera) 
  • The Mother of All Lies (2023). Asmae El Moudir. Maroko-Saudi Arabia-Qatar-Egipto. Etxe-aldaketa bat abiapuntu gisa hartuta, Asmae El Moudir zinemagile marokoarrak bere haurtzaroko argazki bakar bat zergatik duen jakin nahi du. Senide, lagun eta bizilagunekin egindako elkarrizketen eta buztinezko irudiak ageri diren bere auzoko maketa baten bidez, ehunka hildako eta errepresaliatu utzi zituzten 1981eko Casablancako istiluen aztarnekin topo egiten du El Moudirrek, memoria indibidualaren eta kolektiboaren arteko lotura aztertzeko. Inor axolagabe utziko ez duen istorioa, amona bat protagonista duena.