Zientzia Astea
Zientzia Astea, Europako Ikertzaileen Gaua edo Zientzia Zirkularra bezalako jarduerak, non haurrek parte hartzen duten, “aukera paregabeak dira guretzat, zientzialariontzat, gure lana gizartera hurbiltzeko, eta nola hartzen den ikusteko, ideia berriak jasotzeko eta bokazioak pizteko”. Gainera, García Colladok zikloan parte hartzea planteatu zenean, eskola txikien parte hartzea lehenestea erabaki zen, eskola horiek zailtasun gehiago izaten baitituzte horrelako ekimenetan parte hartzeko, askotan probintzietako hiriburuetan pilatzen direlako.
Bere solasaldian azaldu zuen zer egin behar den ondo elikatzeko, ikasiz nola jaten zen orain dela mende batzuk. Horretarako, otordu batean jandako animalien hezurrak eta fruta eta hazi hondarrak behatu zituzten, elementu horiek informazio asko ematen dutelako beste aro batzuetako jakien inguruan: "Egun aberasgarria izan zen, laborategiko egunerokotasunetik oso desberdina. Ikasgela berean hainbat mailatako ikasleak dituzten eskola txikiak ezagutzeko aukera izan nuen, eta oso interesgarria izan zen ikustea adin desberdinetako ikasleen arteko hartuemanak. Polita izan zen beren harridura aurpegiak ikustea orain dela 1400 urteko haziak atera nituenean, eta eskuetan izan zituzten Erdi Aroko hezurrek piztutako jakin mina; egin zituzten galderetako batzuk erronka handia izan ziren!”.
Larraulgo eskolako ikasleen artean, 6 urteko Alejandrok galdera bat zeukan berarentzat gordeta, UPV/EHUko ikertzaile bat eskolara joango zela jakin zuenetik: ea inoiz dinosauro hezurrik aurkitu duen, asko gustatzen baitzaizkio. 11 urteko Xubanek, berriz, eskuetan hezur batzuk zituela, esan zuen arkeologiari buruz gehiago ikastea nahiko lukeela. Jakin min handia erakutsi zuten hezurren aurrean, eta hezurretako markak eta hutsuneak behatu eta aztertu zituzten, baita hezurrak usaindu ere, jakin bazekiten arren aztarnak oso antzinakoak zirela.
Larraulgo eskolako Irantzu Egibar irakaslearen arabera, “neskamutilei izugarri gustatu zitzaien duela hainbeste urteko hezurrak, hortzak eta haziak ukitu eta esku artean erabili ahal izatea”. Inguruko basoetan animalien hezurrak ere aurkitzen dituzte: “ikastetxeko zientzia tailerrean dituzte orkatz baten burezurra eta ardi baten masailaren zati bat”. Harridura sortu zuen, baita ere, entzuteak Erdi Aroaren hasieran gozokiak egiteko eztia erabiltzen zela, azukrea ez zelako ezagutzen garai hartan. Atentzioa eman zien, halaber, hortzetan txantxarra duen urte gutxiko pertsona baten argazkiak.
García Colladok esan du solasaldian adin desberdinetako neska-mutilak egon zirela, Irantzuk lan egiten duen eskolan ulertzen baitute “aniztasuna aberastasuna dela eta, horregatik, tailerretan ez da sailkatzen adinaren arabera, modu askean egiten da lan. Saio espezifikoetan, aldiz, garapen mailaren arabera antolatzen dira ikasleak, ez adinaren arabera". Zientzia zirkularrari dagokionez, uste du “ikasleek, profesionalen bisitak hartzean, ikastetxean jasotzen dituzten ezagutzak zabaltzeko aukera dutela. Kasu gehienetan, espezialista horrek interes eta jakin min handia pizten du, eta hori oso aberasgarria da eskolarentzat”.