Zientzia Zirkularra ikasturte osoan zehar egiten den jarduera da, eta Europako Ikertzaileen Gaua programan sartuta dago. Irailean izaten da, eta ekimenari atxikitako Europako unibertsitate guztietan aldi berean egiten da. Helburua da mundu osoko arazo handienetarako konponbideak planteatzea, zientzia eta teknologia herritarrengana hurbilduz. Zientzia Zirkularra egun handi horren jarraipena da, baina gazteenen ikasgeletan egiten dena.
Oraingo honetan, unibertsitatetik kanpoko ikastetxeetako ikasleek goza dezakete ezagutzaz (eta, aldi berean, ikasi), Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle-ikertzaileen laguntzari esker. Hori guztia irailean Bilboko Areatzan egin ohi den topaketa iritsi bitartean. Topaketa horretan txoko edo stand batzuk jartzen dira, ezagutza zientifikoa modu atsegin eta entretenigarrian helarazteko herritarrei. Zientzia zirkularra gizartetik hurbilago dago, UPV/EHUko irakasleak EAEko hainbat herritako ikastetxeetara joango direlako oraingoan.
Urte honetako lehenengo topaketak egin dira Santurtziko Itxasoko Ama ikastetxean, Basauriko Kareaga Goikoan eta Gipuzkoako Zaldibarren dagoen eskola publiko bakarrean. Beste adibide batzuk dira Tolosaldeko Berrobi eta Larraul herrietako ikastetxeak. Larraulgo eskola publikoak, esate baterako, 16 ikasle ditu, 12 Lehen Hezkuntzan eta 4 Haur Hezkuntzan.
Aipatutako azken bi herrietan izan da orain dela gutxi Maite Iris García Collado, osteoarkeologoa, ikertzailea eta UPV/EHUko irakaslea. Berarentzat, dibulgazioa da bere lanaren funtsezko atal bat, eta, horregatik, zientzia beste mota bateko ikasgeletara hurbiltzeko motibazioa du: “Nire kasuan, ondare arkeologikoa eta, zehazki, aspaldiko gizarteetako gorpuzkiak aztertzen ditut, eta bereziki garrantzitsua da niretzat historia hori osatzen duten komunitateekin harremanetan egotea; izan ere, frogatuta dago gizarte batek zenbat eta hobeto ezagutu bere iragana, orduan eta gehiago arduratzen dela iragan hori gorde eta zabaltzeaz”.