Prestakuntza

Zientzia, nesken kontua ere

Hamazazpi euskal erakundek aurkeztu zuten urtez urte handituz doan Emakumeak Zientzian proiektua eta, hala, ekimenaren helburuekiko konpromisoa berretsi zuten: zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustearekin apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea. Helburu horiek kontuan hartuta, erakundeek indarrak batu zituzten Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta (otsailaren 11n ospatzen da urtero) elkarrekin egingo zituzten jardueren programa antolatzeko.

Otsailaren 11 eta 18a bitartean egin ziren, gehienbat, Emakumeak Zientzian 2022 ekimenaren ekintzak, Donostian. Era askotako jarduerez osatutako programa zabal bat antolatu zen, “zientzia bada nesken kontua” mezua ahalik eta pertsona gehienei helarazteko eta zientziaren eta teknologiaren eremuan sarbide eta garapen profesional berdinzalea lortzeak duen garrantzia azpimarratzeko.

Antolatzaileek adierazi zutenez, adin guztietako jendeak izan zuen ekimenean parte hartzeko aukera. Esaterako, familientzako Zientziaren Izarrak esperimentu-tailerrak eskaini ziren Eureka! Zientzia Museoan; altxorraren bila joko ezagunean oinarritutako Zientziaren Altxorra jokoa, eta Piztu! Emakumeon energia antzezlan dibertigarria eskaini zen. Nerabeentzako ingeniaritza eta nanozientzia tailerrak, eskolek mahai-inguru batean parte hartu eta zenbait ikerketa-zentro bisitatzeko aukera izan zuten; baita irakasleentzako orientazio akademikoarekin lotutako saio berezia ere, etorkizuneko belaunaldientzat erreferentzia izango diren eredu errealak aurkezteko helburuarekin guzti horiek. Emakume helduek kulturaren transmisioan duten zeregina balioesteko, 55 urtetik gorako emakumeentzako tailerrak antolatu ziren. Esperientziaren boterea izenburua zuen ekintza horrek: zenbait esperimentu labur eta erraz helarazi zitzaizkien, edozein lekutan egiteko modukoak, kultura zientifikoa familietan eta gure inguruneetan ibil zedin. Halaber, publiko orokorrarentzako saio berezi bat antolatu zen Zinema eta Zientzia Zikloaren baitan. 'Gorilas en la Niebla' filmaren lau proiekzio egin ziren Donostian, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean. Bestalde, urtetik urtera errepikatzen den Emakume Zientzialariak Atzo eta Gaur zientzia-ekitaldia izan zen, Victoria Eugenia antzokiko Club Aretoan. Gipuzkoako hainbat ikerketa-zentroetan lan egiten duten sei emakumezko igo ziren oholtzara beren ikerketei buruz hitz egiteko eta historiako emakume zientzialari handietako batzuk omentzeko, haien bizitza liluragarrien eta ekarpen zientifikoen berri emanez.

Eskaintza gehiago

Halaber, bi erakusketa ere bisitatu ahal izan ziren, bat Eureka! Zientzia Museoan eta beste bat Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoaren eraikin nagusian. Gainera, berrikuntza eta proba pilotu gisa, Donostian, ekimen bat jarri zen abian, hiriguneko saltoki batzuekin elkarlanean, erakusleihoetan beren ibilbide bikainagatik nabarmentzen diren emakumezko zientzialariak omentzeko. Elhuyarrekin, Donostiako Sustapenarekin eta San Martin Auzoarekin batera egindako lanari esker lortu zen ekimen hau.

Emakumeak Zientzian ekimenaren 6. edizioan parte hartu zuten 17 erakundeak Euskadiko zientzia eta teknologiaren sarearen erakusle garrantzitsuak dira. Batasun hori posible izan zen jendea biltzeko bokazioarekin jaio zelako Emakumeak Zientzian proiektua. Hala, 2022rako, Emakumeak Zientzian proiektua antolatu zuten erakundeak hauek izan ziren: POLYMAT, CIC nanoGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Materialen Fisika Zentroa (CFM, CSIC-UPV/EHU), CIC biomaGUNE, Biodonostia, Tecnun-Escuela de Ingenieria, Ceit, Eureka! Zientzia Museoa, Gipuzkoako Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Lortek, UPV/EHUko Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Kimika Fakultatea, Elhuyar eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea.

Emakumeak Zientzian 2022 ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Sustapenaren laguntza berezia jaso zuen; baita honako erakunde eta organismo hauen laguntza ere: Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusia (CSIC), Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa (FECYT), Estatuko Ikerketa Agentzia, ekimenari atxikitako Severo Ochoa eta María de Maeztu zentroen bidez, Euskadiko Filmoteka eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, eta Aspegi (Gipuzkoako Emakume Profesionalen, Enpresaburuen eta Zuzendarien Elkartea).

Aurrez aurreko jarduera guztiak behar diren osasun neurriekin egin ziren, eta horietako batzuetan COVID txertaketa ziurtagiria aurkeztu behar izan zen.

Emakumeek eta neskek zientzian sarbide eta parte-hartze erabatekoa eta berdintasunezkoa izatea lortzeko, Nazio Batuen Batzar Nagusiak otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izendatzea erabaki zuen 2016an.

Egun hau ospatzeko, mundu mailako ekimen honekin bat egiten dute Euskadiko zientzia eta teknologiaren sarearen erakusle diren 17 erakundek, bere indarrak batuz publiko guztiei zuzendutako jardueren programa oso bat aurkezteko.