20 lan saritu
Epaimahaiak 20 lan onenak aukeratuko eta sarituko ditu aurkeztutako guztien artetik: 10 lan kategoria bakoitzeko (bost prosa-lan eta 5 poesia-lan). Hezkuntza Sailak liburu bat argitaratuko du saritutako lan guztiekin Sagastiberri sailean. Liburu hori Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztietara banatuko da.
Idazlanik onenak aukeratzeko, ondoko irizpideok izango ditu kontuan epaimahaiak:
Epaimahaia bost euskal idazlek eta Hezkuntza Saileko teknikari batek osatuko dute.
Literatura egonaldia
Lan sarituen egileek, bost eguneko literatura-egonaldian parte hartzeko aukera izango dute, 2024ko udan. Egonaldi horretan, literatura tailerrak eta idazketarekin nahiz literatura-sormenarekin zerikusia duten lanketak egiteaz gain, hainbat euskal artista eta idazle gertu-gertutik ezagutuko dituzte, baita Euskal Herriko zenbait leku ere. Gazteek euskal idazle bat laguntzaile izango dute, uneoro, egonaldi horretan.
Horrez gain, ikastetxeentzat ere bada saririk. Ikastetxeen eta irakasleen ahalegina aitortu eta eskertu nahian, lan kopururik handiena aurkeztu duten 5 ikastetxeak ere saritu egingo dira. Hezkuntza Sailaren Idazleak Ikastetxeetan programako bina saio egiteko aukera izango dute saritutako ikastetxeek.
Urruzuno literatura lehiaketa: ia lau hamarkadako ibilbidea
Hezkuntza Sailak lehen aldiz 1986an antolatu zuen Urruzuno literatura lehiaketa 39. ediziora iritsi da aurten. Hasiera-hasieratik, ikasleen artean euskaraz idazteko zaletasuna indartzea izan du helburu ekimenak. Prosan nahiz poesian, belaunaldi gazteenek euskaraz sortutako literatura lanak zabaldu ditu lehiaketak urtez urte. Baina helburu hau ez da asmo hutsean gelditu, eta azken hamarkadetako jardunak soberan frogatu du lehiaketak bere xedea ongi bete duela. Irabazle horietako asko euskal kultur munduan sinadura ezagunak dira gaur egun, bai literaturan, kazetaritzan,
bertsolaritzan edo gidoigintzan, beste zenbait arloren artean. Dagoeneko 600dik gora dira ekimen honek saritu dituen “urruzunotarrak”, eta zerrenda horretan izenak ugarituz doaz, urtez urte.