Beste Berriak

Zabalik da 2024ko Urruzuno Literatura Lehiaketan lanak aurkezteko epea (I)

Hezkuntza Sailak ireki du 2023-2024 ikasturteko Urruzuno Literatura Lehiaketara lanak aurkezteko epea. Prosan zein poesian, otsailaren 29ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak. Duela ia lau hamarkada abian jarri zen lehiaketa hau, euskal ikasleen artean literaturarako zaletasuna sustatzeko xedez, eta gazteek euskara beren gogoeta, bizipen eta sentimenduak adierazteko tresna gisa lantzeko helburua bere eginda.

Ordutik, Urruzuno literatura lehiaketa erreferentziazko sariketa da euskal kultura esparruan, eta bertan garaile izan diren hainbat neska-mutil dagoeneko ez hain gazteren sinadurak ezagunak dira egungo euskal literaturan, bertsolaritzan, kazetaritzan nahiz kultura-sormenarekin loturiko beste zenbait esparrutan.

Parte hartu nahi duten ikasleek kontuan izan beharreko oinarriak honako hauek dira, nagusiki:

  • Literatura lanak aurkezteko epea zabalik, 2024ko urtarrilaren 8tik otsailaren 29ra arte (egun hau barne)
  • Bi kategoria bereizten dira, ikasleen ikasmailaren arabera:
    1. B kategoria, DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleentzat;
    2. A kategoria, Batxilergoko 1. eta 2. mailetakoentzat, eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetan ari direnentzat.
  • Literatura lanek originalak izan behar dute, eta lehiaketa honetan izena emateko epea itxi arte bestelako literatura saririk irabazi gabeak. Lanak euskaraz sortuak izango dira, bakarkakoak, poesiaz zein prosaz idatziak. Gaia librea izango da.

Lehiaketaren oinarriak xeheago eta parte hartzeko orria argitaratuta daude Hezkuntza Sailaren webgunean, honako esteka honetan:
https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2024/urruzuno/web01-tramite/eu/