3.822 ikaslek (2.224 emakumezkoak eta 1.598 gizonezkoak) egin zuten ekainaren 6tik 8ra Batxilergotik Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioa (USEa) Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Probek iazko egitura bera izan zuten, eta Iruñeko Arrosadiko campuseko Ikasgelategian eta Tuterako campusean egin ziren. Bestalde, hizkuntza-ereduari dagokionez, guztira 2.847 ikaslek egin zuten gaztelaniaz, eta 975ek euskaraz.
Ikasleek ekainaren 14an izan zituzten eskuragarri deialdi arrunteko proben emaitzak, eta hilaren 21etik aurrera deskargatzen ahalko dute kalifikazioen txartela. Bestalde, deialdi bereziaren azterketak ekainaren 28an, 29an eta 30ean izango dira, eta emaitzak uztailaren 4an egongo dira eskuragarri. Kalifikazioen txartela, berriz, uztailaren 18tik aurrera egongo da deskargatzeko moduan. Probei buruzko informazio guztia Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.
Azterketaren egitura, aldaketarik gabe
Esan bezala, azterketak 2019-2020 ikasturtekoaren egitura bera izango du; izan ere, ikasturte berezia izan zenez, nobedade gisara, galderetan aurreko deialdietan baino aukera zabalagoa eman zitzaien ikasleei erantzuteko. Deialdi honetan, aipatutako ikasturteaz geroztik gertatu den bezala, aldez aurretik jakinaraziko da zer ikasgelatan egingo diren probak.
Oro har, ikasleei gomendatzen zaie ariketen oharrak arretaz irakurtzeko, adierazitako galdera kopuruari bakarrik erantzuteko, erantzundako galdera edo galderak behar bezala etiketatzeko eta probak egin baino lehen azterketaren egiturari eta zuzentzeko irizpideei ongi erreparatzeko. Hori guztia Unibertsitatearen webgunean kontsultatzen ahal da, baita aurreko urteetako azterketak ere. Proba bakoitzak, beti bezala, 90 minutu iraungo du.
Bestalde, ikasleek gogoan izan behar dute ezin dutela ez piztuta ez begi-bistan izan komunikatzeko edo datuak biltegiratzeko balio duen gailu elektronikorik azterketa egin bitartean eta ikasgelatik atera arte.
Probak nola egin ziren
Ikasleak 7 epaimahaitan banatuta egon ziren; horietatik 6 Arrosadiko campusekoak dira (lau gaztelaniazkoak eta bi euskarazkoak), eta zazpigarrena Tuterakoa.
USE probak bi fase zituen: nahitaezkoa eta borondatezkoa. Lehenbiziko fasean, ikasleek Batxilergoko modalitate guztietako hiru irakasgai komunetako azterketak egin zituzten (Gaztelania eta Literatura, Espainiako Historia eta Atzerriko Hizkuntza, zeina Ingelesa, Frantsesa edo Alemana izan baitaiteke eta atzerriko lehen edo bigarren hizkuntza izan ikaslearentzat). Nafarroan, A eta D hizkuntza-ereduetakoek beste azterketa bat egin behar zuten: Euskara eta Literatura. Horiez gainera, beste proba bat ere egin zuten: Batxilergoko beren modalitatean egin zuten enborreko irakasgai bati zegokiona. Zientzietakoa Matematika II izan zen; Giza eta Gizarte Zientzietakoa, Latina II edo Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika II; eta Arteetakoa, Artearen Hastapenak II.
Behin probak eginda, azterketa horietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da. Ikasleak USE proba gaindituko du baldin eta batez besteko nota horren % 40 eta Batxilergoko espedienteko batez besteko notaren % 60 ponderatuta 5 puntuko nota edo handiagoa lortzen badu (10etik). Ponderazioa egiteko, nahitaezko faseko azterketetako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoak 4 puntukoa edo handiagoa izan behar du (10etik). Ikasleak proba gainditzen badu, betiko izanen du nota hori.