Prestakuntza

USE proba egin dute NUPen

3.708 ikaslek Batxilergotik Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioa (USEa) Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin zuten, ekainaren 7tik 9ra. Arrosadiko campusean (Sario eraikinean eta Ikasgelategian) eta Tuterakoan egin ziren probak, iazko azterketa-eredu berarekin. Matrikulatutako ikasleetatik, 2.139 emakumeak ziren eta 1.569 gizonak. Bestalde, hizkuntza-ereduari dagokionez, guztira 2.756 ikaslek egin zuten gaztelaniaz, eta 952k euskaraz.

Unibertsitateak COVID-19aren aurkako higienearen eta osasunaren arloko jarraibideak eguneratu egin zituen, egungo egoera egokituz. Unibertsitatearen webgunean (www.unavarra.es) kontsultatu ahal ziren eta, haien arabera, ez zen derrigorrezkoa eraikinen barrenean maskara erabiltzea, baina bai gomendagarria, eta komeni zen jende askoko multzoak saihestea eta eskuak maiz garbitzea. Gainera, 2019-2020 ikasturtean egin zen bezala, ikasleek aukera izan zuten proba bakoitza zein ikasgelatan egin behar zuten aldez aurretik jakiteko.

Ikasleek ekainaren 15ean jakin ahalko dituzte deialdi arruntaren emaitzak, eta hilaren 22tik aurrera deskargatu ahalko dute kalifikazioen txartela. Bestalde, deialdi bereziaren azterketak ekainaren 28an, 29an eta 30ean izango dira, eta emaitzak uztailaren 5ean egongo dira eskuragarri. Txartela, berriz, uztailaren 19tik aurrera deskargatu ahalko da. Probei buruzko informazio guztia Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.

Azterketaren egitura, iazkoaren berdin-berdina

Esan bezala, azterketak 2019-2020 ikasturtekoaren egitura bera izan zuen; izan ere, ikasturte berezia izan zenez, nobedade gisara, aurreko deialdietan baino aukera gehiago eman zitzaizkien ikasleei erantzuteko.

Probak egiterakoan (proba bakoitzak 90 minutuko iraupena zuen), ikasleei gomendatzen zitzaien ariketen oharrak arretaz irakurtzeko, adierazitako galdera kopuruari bakarrik erantzuteko, erantzundako galdera edo galderak behar bezala etiketatzeko eta azterketaren egiturari ongi erreparatzeko. Behin ariketak amaituta, Unibertsitatearen webgunean egon ziren kontsultatzeko.

Bestalde, ikasleek gogoan izan behar zuten ezin dutela ez piztuta ez begi-bistan izan komunikatzeko edo datuak biltegiratzeko balio duen gailu elektronikorik azterketa egin bitartean eta ikasgelatik atera arte.

Probak nola egingo ziren

Proba egiteko matrikulatu ziren ikasleak 7 epaimahaitan zeuden banatuta; horietatik 6 Iruñean zeuden, eta zazpigarrena Tuteran. Iruñean, gaztelaniazko epaimahaiek Ikasgelategia zuten egoitza; euskarazko azterketetan, berriz, epaimahai bat Ikasgelategian zegoen, eta bestea Sario eraikinean.

USE probak bi fase zituen: nahitaezkoa eta borondatezkoa. Lehenbiziko fasean, ikasleek Batxilergoko modalitate guztietako hiru irakasgai komunetako azterketak egin zituzten (Gaztelania eta Literatura, Espainiako Historia eta Atzerriko Hizkuntza, zeina Ingelesa, Frantsesa edo Alemana izan baitaiteke eta atzerriko lehen edo bigarren hizkuntza izan ikaslearentzat). Nafarroan, A eta D hizkuntza-ereduetakoek beste azterketa bat egin behar zuten: Euskara eta Literatura. Horrez gainera, beste proba bat egin zuten: Batxilergoko beren modalitatean egin zuten enborreko irakasgaiari zegokiona. Zientzietakoa Matematika II zen; Giza eta Gizarte Zientzietakoa, Latina II edo Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika II; eta Arteetakoa, Artearen Hastapenak II.

Azterketa horietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da. Ikasleak USE proba gaindituko du baldin eta batez besteko nota horren % 40 eta Batxilergoko espedienteko batez besteko notaren % 60 ponderatuta 5 puntuko nota edo handiagoa lortzen badu (10etik). Ponderazioa egiteko, nahitaezko faseko azterketetako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoak 4 puntukoa edo handiagoa izan behar du (10etik). Ikasleak proba gainditzen badu, betiko izango du nota hori.