Beste Berriak

Urkullu, euskal sistema unibertsitarioa hobetu nahian (II)

Deustuko eskaintza akademikoa 2023-2024 ikasturterako

Deustuk 49 graduko eskaintzarekin hasi du ikasturte hau, 14 gradu bikoitz, gradu 1 % 100 online, 2 gradu LHko ikastetxeekin aliantzan, online gradu 1 eta teologia arloko 2 titulazio ofizial; guztira, 9.316 graduko ikasle baino gehiagorekin hasi du Deustok ikasturte berria, horietatik 2.523 ikasle berriak direlarik.

Unibertsitateak, orain arte, graduko, graduondoko eta doktoregoko 10.244 ikasle ofizial ditu. Gainera, Unibertsitateak nazioarteko 697 ikasle hartu ditu lehen lauhileko honetan, eta Deustuko 600 ikasle baino gehiago nazioarteko mugikortasun-programetan ari dira.

UPV/EHUn

Bestetik, Iñigo Urkullu lehendakariak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera, UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen 2023-2024 ikasturteari hasiera eman zion ere Arabako Campusean egindako ekitaldi batean. Era berean, han izan ziren Olatz Garamendi, Gotzone Sagardui eta Javier Hurtado sailburuak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Denis Itxaso Gobernuaren ordezkaria.

Joan den ikasturteko memoriaren irakurketarekin hasi zen jarduna, eta, ondoren, irekitze-hitzaldia irakurri zen Leire Urkidi Geografiako irakaslearen eta Ivan Igartua Eslaviar Filologiako katedradunaren eskutik. Ondoren, Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak hartu zuen hitza eta Lehendakariaren hitzaldiarekin amaitu zen ekitaldia.

Lehendakariak, beste behin, Unibertsitateak nazioartean euskal gizarteari egindako ekarpena goraipatu zuen. “Aurten ere, gure Unibertsitateak balorazio erreferentziala lortu du Shangaiko rankingean, munduko 500 onenen artean kokatuz. 10 urtez egungo testuinguru lehiakorrean protagonista eta erreferente izatea unibertsitatearen bikaintasunaren, lan onaren eta eredugarritasunaren ondorio zuzena da” adierazi zuen.

Urkulluk esan zuenez, lorpen hori egungo eta etorkizuneko ibilbide eta eredu batean eta lau gako nagusitan oinarritzen da: trebakuntza, lankidetza, nazioartekotzea eta eragina. Hain zuzen ere, lau gako horiek 2023-2026 Euskal Unibertsitate Sistemaren Planean garatu dira. Plan hori Jaurlaritzaren eta unibertsitateen arteko elkarrizketarako eta akordiorako esparrua da, arreta berezia jarriz unibertsitate publikoan.

Eusko Jaurlaritzaren eta UPV/EHUren arteko lankidetza eta akordioa, naturala izateaz gain, eraginkorra izan da Lehendakariaren esanetan. Eusko Jaurlaritzak, gainera, azken 9 urteetan unibertsitate publikoaren oinarrizko finantzaketa handitu du eta 2023-2026 aldirako 1.570 milioi euro aurreikusi dira. “Hortaz, ekarpena % 30 handitu da 2015-2019 Unibertsitate Planarekin alderatuta” gehitu zuen.

Lehendakariak bereziki eskertu zuen unibertsitatearen lana Osasunaren eta Hezkuntzaren arloetan. “Zalantzarik gabe, gure politikaren ardatz nagusietako bi. Gure konpromisoa irmoa da, eta unibertsitatearekin lanean ari gara gizartearen beharrei erantzuteko”, azpimarratu zuen. Osasunaren arloan, Basurtuko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea da horren lekuko eta hezkuntzako arloan Ikerketa-Berrikuntza programa berria adostu eta abian jarri da datozen lau urtetan unibertsitatearen ikerketa euskal hezkuntza sistema osora zabaltzeko helburuarekin, zientzian eta bikaintasunezko ikerketan oinarritutako berrikuntzak landuz eta proposatuz. “Gure gizartearen erronkei erantzuteko euskal unibertsitateekin zein agenteekin adostutako politika eraginkorrak ezartzeko dugun gaitasuna erakutsi dugu. Euskal Unibertsitate Sistema osatzen dugunok elkarrekin gaude eta elkarrekin egin nahi dugu aurrera, gazteei eta gizarteari eskaintzen diogun zerbitzua hobetzen jarraitzeko” gaineratu zuen.