Beste Berriak

Urkullu, euskal sistema unibertsitarioa hobetu nahian (I)

Iñigo Urkullu lehendakariak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera, Deustuko Unibertsitateko 2023-2024 ikasturteari hasiera eman zion. Ekitaldian Olatz Garamendi sailburua ere izan zen.

Lehenik eta behin, Urkulluk Deustuko Unibertsitatearen lana eta gizarteari egindako ekarpena aitortu eta eskertu zituen, pertsonen prestakuntza-prozesuan pertsonen zerbitzura lan egiteko ikuspegi eta erantzukizunarekin jarduteagatik.

2023-2024 Ikasturteari hasiera emateko ekitaldi nagusian, Lehendakariak 2023-2026 Unibertsitate Sistemaren Plana aipatu zuen: "elkarrekin garatzen ari gara 2023-2026 Euskal Unibertsitate Sistemaren Plana, asmo handiko plan integral bat, guztiok partekatzen duguna eta lehentasunezko zazpi ardatz dituena: bikaintasun-zientzia, gizarte- eta ekonomia-garapenari ikuspegi berria emanez; enpresekiko lankidetza, erronka komunak ebazteko eta unibertsitate-prestakuntza dualaren bidez behar profesionalei erantzuteko; nazioartekotzea, unibertsitateak testuinguru global, ireki eta izugarri lehiakor batean garatzeko; irakaskuntza, premia berrietara egokitutako prestakuntza eguneratua bermatzeko; unibertsitate-komunitatea, unibertsitate-jardunean esku hartzen duten pertsona eta zeregin guztietan azpimarra jarriz; digitalizazioa eta gizarte-inpaktua, Garapen Jasangarrirako helburuak balioan jarri eta zabaltzeko". "Proiektu bera partekatzen dugu: Euskal eta Nazioarteko Unibertsitate Sistema eraikitzen jarraitzea. Honela, 2030erako gure helburu nagusia da Sistema hori sendotzea eta bikaintasunera hurbiltzea. Harro sentiaraziko gaituen markoa izatea nahi dugu” adierazi zuen lehendakariak.

Era berean, Urkulluk Ikerketa eta Berrikuntza Programa ere aipatu zuen. Programa horren helburua da datozen lau urteetan unibertsitatearen ikerketa euskal hezkuntza sistema osora zabaltzea. Halaber, Cambrigdeko Unibertsitatearekin lankidetza-ikerketa sustatzeko sinatu berri den hitzarmenaz ere mintzatu zen.

"Euskal Unibertsitate Sistema osatzen dugunok elkarrekin gaude eta batera egingo dugu aurrera, gazteei eta gizarteari eskaintzen diogun zerbitzua hobetuz eta zabalduz, eta argi dugu horretarako bidea: elkarren arteko konfiantza eta auzolana", amaitu zuen lehendakariak.