Unibertsitatea

UPV/EHUko Uda Ikastaroak aurkeztu ziren (II)

Bizitzaren bidaia, Irizar-en eskutik

Koldo Telleria Irizarko Pertsona Arloko Zuzendariak aipatu moduan, 18 urte dira, jada, Irizarrek UPV/EHUren Uda Ikastaroetan parte hartu eta Bizitzaren bidaia izeneko programa berezia babesten duela.

Edizio honetako 'Bizitzaren bidaia'-n, haurtzaroan zein nerabezaroan gai garrantzitsua den eskola-jazarpenari aurre egiteko programei buruz ariko dira eta Jose Migel Barandiaranen unibertsora hurbilduko dira.

Bizitzaren bidaian haurtzaroa eta nerabezaroa etapa garrantzitsuak dira eta garai horretan gertatzen diren eskola-jazarpenei aurre egiteko dauden hainbat programa ezagutzera eman asmoz eta teknologia berriek duten eraginez ohartzeko Jokabide oldarkor edo agresiboa haurtzaro eta nerabezaroaurrean: haserrealdietatik eskola jazarpenera ikastaroa izango dute uztailaren 13an eta 14an, Eider Pascual eta Aitziber Azurmendi zuzendarien eskutik.

Irailaren 7an eta 8an, Jose Migel Barandiaranen ekarpena Arkeologia, Etnografia eta euskal Mitologiara Uda ikastaroa izango dute Jose Antonio Mujika-ren zuzendaritzapean. Barandiaranek bizitzan zehar landutako ikerketa lerro nagusietara hurbilduko dira: Arkeologia, Etnografia/Antropologia Kulturala eta Mitologia. Ikastaroa Ataunen izango da eta Barandiaranen landa ikerketa hurbiletik ezagutzeko Aralar mendilerrora irteera bat egingo da.

Gazteei zuzendutako eskaintza zabala

Programa zehatzez harago, askotariko gaiak jorratuko dira UPV/EHUren Uda Ikastaroetan (UIK). Guztiei buruzko informazioa argitaratuta dago UIK-ren webgunean eta matrikulazioa irekita egongo da ikastaro bakoitza hasten den egunera arte.

Lagin bat aipatze aldera, zenbait ikastaro nabarmendu ditu Itziar Alkorta UIK-ren zuzendari akademikoak gaurko agerraldian, eta, bereziki, gazteei zuzenduriko ikastaroak azpimarratu ditu: surfa, musika, iraunkortasuna… gazteen interesekoak diren hainbat gai izango baitira aurtengo edizioan.

Surfak gozamenarekin batera osasunean dituen onurak ezagutzera emateko, surfeko “gazte” komunitatea elkartu eta ezagutzak partekatzeko eta biztanlegoa surfa praktikatzera animatzeko Itsaso Gaztañagak zuzenduriko Surfa eta bere onurak osasunean ikastaroa izango da uztailaren 13an eta 14an.

Gazteei begira antolatutako eskaintzarekin jarraituz, Musika bizi: musikaren errealitatea hizpide ikastaroa izango dugu irailaren 7an eta 8an. Marina Landak eta Ion Andoni del Amok zuzendurik musikaren inguruko galdera zabalak egin eta bertaratutakoen artean gogoeta egin eta eztabaidatzea da asmoa, musikaren gaineko begiradak uztartu eta aberasteko. Hizlarien artean musikariak akademikoak eta kazetariak izango dira.

Matrikula

Matrikula egiteko epea zabalik dago, jarduera hasten den egunera bitarte; publiko guztientzako moduko proposamenak biltzen dira: mundu akademikoa, ikerketa, profesionalak, erakunde publikoak, ikasleak eta, oro har, gizarte osorako.

Matrikula erraz egin daiteke
www.uik.eus atarian