Unibertsitatea

UPV/EHUko Uda Ikastaroak aurkeztu ziren (I)

Aurten, bereziki, 25 urtera bitarteko gazteek ezagutzaren plazan parte hartzea, beraien ekarpenak egitea eta Uda Ikastaroez gozatzea sustatu asmoz, eskaintza berezia prestatu dute eta, izena ematerakoan, erraztasunak izango dituzte. Maiatzaren 31 baino lehen matrikulatuz gero, 25 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango ikastaro bakoitzeko.

Ekainaren hasieratik irailaren amaiera bitartean askotariko hartzaileei zuzenduriko 152 ikastaroz osaturiko eskaintza interesgarria izango da. Uda sasoiaz harago, urte osoan zehar modu iraunkorrean ari dira UIK-ren gerizpean online ikastaroak, workshop-ak, Donostia Sustainability Forum ekimenak eta ikastaroak aurrera eramaten.

42. edizio honek bederatzi erronka nagusi izango ditu ardatz: gazteak hizpide; giza eskubideak ortzi-mugan; hezkuntzaren eta hizkuntzaren etorkizuna; bizi-kalitatea oinarri; kultura eta artea; iraunkortasuna; ekonomia soziala; digitalizazioa eta adimen artifiziala.

Agustin Erkizia, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak azpimarratu zuenez, "aurtengo UPV/EHUko Uda Ikastaroek gaur egungo gizarteak dituen hainbat erronkei buruzko hausnarketa egiteko aukera paregabea eskaintzen jarraitzen dute. Horretarako, gai egokiak aukeratzeaz gain, arlo bakoitzean aditu eta arituak diren hainbat pertsonaren konplizitatea batzea lortu da formatu egoki baten inguruan.

UPV/EHUko Uda Ikastaroei esker errealitate aberats bezain konplexuari era berezi batean begiratzen diogu, ikastaroak eskaintzen diren leku eta espazio ezberdinetara hurbiltzen direnen artean aparteko konplizitate berezi bat sortzen delarik. Gaur egungo munduarekin konektatzeko edota konektatuta jarraitzeko Uda Ikastaroetara hurbiltzeko gomendatuko nieke bakoitzak bere lekua aurkitzeko aukera izango duelako".

Programa bereziak, lankidetzan

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin batera eta Irizarrekin elkarlanean garatutako programak aurkeztu zituzten erakunde horietako arduradunek. UIK-ren balio nagusienetakoa da lankidetza eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin eta Irizar Kooperatibarekin ezagutzaren zabalkundean egindako ibilbide aberatsa aitortu eta eskerrak luzatu dizkie, bi erakundeei, Itziar Alkorta UIK-ren zuzendari akademikoak.

Hezkuntzaren berrikuntza sustatzeko programa

1993. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta UIK-k elkarlanean diseinatzen eta garatzen dute EAEko irakasleei zuzendutako eskaintza.

Jokin Bildarratz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburuak adierazi bezala, elkarlan horren bitartez, bi erakundeok lankidetzan jarduten dugu berrikuntza hezkuntzan txertatzeko lanetan.

Elkarlan horren barruan sartzen dira 'Irakasteko ikasten' eta 'Prest_Gara' programak.

Sailak bere estrategia nagusiekin bat datozen ikastaroak (Uda Ikastaroak, online ikastaroak…) homologatzen ditu unibertsitatez kanpoko irakasleek beren eskumenak berritu ditzaten. Jarduera horiek “Irakasteko Ikasten” programan sartzen dira. Irakasleek deskontua lortzen dute ikastaro horien matrikulan. Aurten aurrez aurreko 20 ikastaroz osatutako eskaintza izango da udaran zehar. Horiez gain, online formatuko 8 ikastaro izan dira urtarriletik ekaina bitartean eta udazkenean gehiago izango dira.

Aldi berean, homologatutako ikastaroetatik 12 jarduera txertatu dira “Prest_Gara” eskaintzan. Ikastaro bakoitzerako 20 plaza eskaintzen dira programa honen baitan.

Berrikuntzari loturik, adibide bat jartze aldera, Adimen artifiziala eta etika: ikasleentzako adimen artifizialaren etika aztertzeko plana ikastaroa izango da ekainaren 26an eta 27an. Boladan dagoen gaia da, eta tentuz jarraitu eta egokitu beharko dugu erreminta berriek dakartzaten onura eta arriskuetara.

Hizkuntzaren transmisioa gaia ere lehen lerroan dute garaiotan eta horri loturik, Hizkuntza-garapen ez-tipikoa haur elebidunengan: diagnosia eta esku-hartzea ikastaroa izango da irailaren 15ean eta 16an.