Unibertsitatea

UPV/EHUko ikasleak, solidarioak

2012az geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateko 2063 ikaslek 216.592 ordu baino gehiago eman dituzte UPV/EHUk aitortutako Boluntariotzako eta Gizarte-partaidetzako programetan.

Ekimen solidario horretan ikasle-parte hartzaile gehienak emakumeak dira (% 75,5; gizonak % 24,5) eta oso eremu desberdinetako (esaterako ingurumena, kultura, arlo soziosanitarioa, eremu soziala, kirola, aisialdia eta astialdia) 66 erakunde baino gehiagotan gauzatu da. Guztira, 590,5 kreditu onartu dira, hau da, 17.715 boluntariotza-ordu.

David Hoyos Ramos EHUgune - Konpromisoa eta Eragin Sozialako zuzendariak azaldu duenez zuzendariak azaldu duenez, “Unibertsitatearen egungo Plan Estrategikoan planteatzen dugun helburuetako bat ikasleek kalitatezko prestakuntza integrala jasotzea izan zen, baita UPV/EHUtik igarotzea bizi-esperientzia aberasgarria izateaz gain eta tokiko erronkei eta erronka globalei behar bezala erantzuteko aukera ematea ere. Hots, modu etiko eta sortzailean jardun ahal izatea ingurune aldakor eta gero eta zorrotzago batean”. Bere aburuz, “boluntariotza aukera bikaina da ikasleek inguratzen gaituen errealitatea hobetzen parte har dezaten eta gizartean konprometitutako unibertsitate baterantz aurrera egin dezagun. Gizartearekin konprometitutako unibertsitatea, inklusioaren, ekitatearen eta iraunkortasunaren balioak sustatzen dituena, eta gizartearen erdigunean kokatzen dena”.

Nagore Gallardo Menayo eta Iker Callado Iza mota honetako ekimenetan parte hartu duten ikasleen taldeko kideak dira. Lehenengoa Gizarte Laneko ikaslea da, eta, bere ustez, "boluntariotza tresna eraldatzailea da, bai maila indibidualean, bai maila komunitarioan. Pertsonalki, giza berotasunaren ekintza bat da, non zentroa izateari uzten diozun, beste pertsona ikusi ahal izateko eta gure bizitza pribilegiatutik oso urrun dauden beste errealitate batzuk partekatzeko, laguntzeko.

Gallardok Ellacuria Fundazioarekin lankidetzan aritu da migratzaileei eta errefuxiatuei harrera egiteko: "boluntariotzan bizitako esperientziak (ederrak eta gordinak) gure buruan eta bihotzean geratzen dira, eta, horrela, pertsona guztien duintasunaren araberako tratu ona eta zaintza hedatzen dira". 

Komunitate-mailan, askotariko gizartea eta gizarte-justizia sustatzen laguntzen duela uste du: “Nire ustez, ezinbestekoa da unibertsitateko ikasleek boluntariotza egitea, batez ere pertsonei zuzeneko arreta ematearekin lotutako ikasketak egiten ari direnek. Alde horretatik, eskertzen dut UPV/EHUk hirugarren sektoreko erakundeekin harremanetan jartzeko aukera eman izana”.

Bestalde, Iker Callado graduondoko ikaslea da (Psikologian graduatua, irakasleen prestakuntzan masterra, hezkuntza-orientazioan espezializazioa), eta uste du "boluntariotza lana laguntzen saiatzeko modu bat dela. Berdin dio eremuak; horrek hobekuntza ziurren bat ekarriko du, eta oso esperientzia pozgarria da. Behin bizita, jende asko saiatuko da errepikatzen, ziur aski".