Prestakuntza

UPV/EHUk ehun gradu eta 170 master baino gehiagoko katalogoa eskaintzen du arlo guztietan

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) graduko ikasketen eskaintzak bi gradu bikoitz gehiago izango ditu: Ingeniaritza Zibila + Arkitektura Teknikoa (Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola) eta Ingeniaritza Mekanikoa + Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza (Gasteizko Ingeniaritza Eskola). Beraz, 105 titulu eskainiko dira guztira, jakintza arlo guztietakoak, alor ugaritan -aspalditik irakasten direnak nahiz berritzaileenak- trebatzeko aukera emango dutenak.

Urtetik urtera, gorantz doa UPV/EHUk eskaintzen dituen gradu bikoitzen kopurua, 2013-14 ikasturtean Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (EAZ) + Zuzenbidea ematen hasi zenetik. Datorren ikasturtean, 14 izango dira, bi berrikuntzei esker.

Hizkuntzari dagokionez, gradu guztiak bi hizkuntza ofizialetan egin daitezke. Gainera, gorantz jarraitzen du beste hizkuntza batzuetako eskaintzak. Business + Economics Gradu Bikoitza ingelesez ematen da; Lehen Hezkuntza, modalitate hirueledunean, bi campusetan: Hezkuntza eta Kirol Fakultatean (Arabako Campusa) eta Bilboko Hezkuntza Fakultatean (Bizkaiko Campusa). Bilboko fakultate horretan Haur Hezkuntza ere ematen da modalitate hirueledunean. Gainera, gradu gehienek ingelesezko irakasgaiak dituzte (800 baino gehiago dagoeneko), baita beste hizkuntza batzuetan ematen diren irakasgaiak ere (180 inguru). Lau graduk nazioarteko aipamena dute, Unibasq Kalitate Agentziak ematen duen aipamena ikaslegoaren nazioartekotzea sustatzeagatik.

Gainera, hamaika graduk prestakuntza dualeko proiektuak garatzen dituzte, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak unibertsitatean eta enpresan uztartzen dituen eredua. Prestakuntza duala albo batera utzirik, ia ikasle guztiek dute aukera praktikak egiteko bertako enpresa, erakunde, GKE edo elkarteetan, eta urtero 11.500 praktika inguru egiten dira; % 35, borondatezkoak.

Graduondoko berritzaileak eta errotuak

Graduondokoan, datorren ikasturtean 173 graduondoko eskainiko ditu: 108 unibertsitate master eta 65 berezko titulu. Graduondokoen katalogo zabala da, eta ezagutzaren arlo guztiak biltzen ditu, ikasgai berritzaileenetatik hasi eta beren esperientzia eta ibilbideagatik finkatuta daudenetaraino. Titulu guztiek dute Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren (Unibasq) aitorpena.

Unibertsitate masterren eskaintzan nabarmentzekoak dira Estatuko eta atzerriko beste unibertsitate batzuekin batera antolatutako 25 programak; horien artean, zortzi Erasmus Mundus master. Ondorioz, Erasmus Mundus masterren eskaintza zabalena duen Estatuko unibertsitateetako bat da UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateak, gainera, 65 master eta berezko titulu eskainiko ditu datorren ikasturtean. Mota horietako irakaskuntzek espezializazio handia eta orientazio profesional argia dute, Datorren ikasturtean 12 titulu berri edo berritu eskainiko dira, besteak beste, Arte eta Kultura Garaikidearen Teoria eta Praktika, Jasangarritasunerako Aldaketaren Lidergoa eta Kudeaketa, eta unibertsitate artekoak Neuropsikologia Klinika eta Hidrogeno-Teknologia.

Ekitate eta iraunkortasunaren alde

UPV/EHUk konpromiso sendoa du inklusioarekin, zuzentasunarekin eta jasangarritasunarekin. Hala, adibidez, hezkuntza premia bereziak dituzten unibertsitate ikasleek laguntzak eta baliabideak jasotzen dituzte, aukera berdintasuna bermatzeko, eta gero eta gehiago dira urtez urte. Ikasturte honetan, 471 ikasle ari dira laguntza jasotzen (iaz baino ia % 10 gehiago), eta Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioan, premia bereziak dituzten 448 ikasleri lagundu zitzaien.

Bestetik, UPV/EHUk Nazioarteko Bikaintasun Campus ziurtagiria du, Hezkuntza Ministerioak ematen duena ebaluazio independente bat egin ondoren, eta Europako bi egitasmo interesgarritan parte hartzen ari da: alde batetik, mugaz gaindiko campus bat sortu du Bordeleko Unibertsitatearekin elkarlanean, bakarra Europan; bestetik, 2020az geroztik, Enlight-eko partaide da, Europako bederatzi unibertsitatek osatutako partzuergoa, Europako Batzordeak finantzatzen duena eta aukera ematen diena ikasleei egitasmoari atxikitako erakundeetan egonaldiak egiteko, prestakuntza programa berritzaileetan eta gizarte erronkei lotutakoetan parte hartzeko.

Gainera, mundu osoko unibertsitateekin eginiko 2.000 mugikortasun hitzarmenen bidez, nazioarteko egonaldien katalogo zabal-zabala eskain dezake. Hitzarmen horiei esker, datorren ikasturtean 1.900 ikaslek baino gehiagok gutxienez lauhileko bat egingo dute beste unibertsitate batean, eta beste unibertsitate batzuetako 1.100 ikasle baino gehiago etorriko dira UPV/EHUra nazioarteko mugikortasun programen baitan. Ikasle horiei 500 English Friendly irakasgai eskainiko zaizkie: euskaraz edo gaztelaniaz eman arren ingelesezko irakaskuntza gidak dituzten irakasgaiak, eta bai tutoretzak bai lanak hizkuntza horretan egin daitezke.

+INFORMAZIOA
www.ehu.eus
acceso@ehu.eu