Beste Berriak

UPV/EHUk 2023-2024rako eskaintza zabaldu du bi gradu berrirekin, ingelesezko bat eta bikoitz bat (I)

2023-2024 ikasturtean, Euskal Herriko Unibertsitateko gradu-ikasketen eskaintza zabalari bi titulu berri gehituko zaizkio: Biomedical Engineering, oso-osorik ingelesez emango dena Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta Hezkuntzaren arloko lehen gradu bikoitza: Lehen Hezkuntza + Haur Hezkuntza, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean egingo dena, Gipuzkoako Campusean. Guztira, 107 titulazio eskainiko ditu, eskainiko dira guztira, jakintza arlo guztietakoak, alor ugaritan -aspalditik irakasten direnak nahiz berritzaileenak- trebatzeko aukera emango dutenak.

Eva Ferreira euskal unibertsitate publikoko errektorearen iritziz, “gure graduko eskaintza akademikoa gizarte dinamiko eta aktibo honen beharretara etengabe egokitzearen emaitza da. Prestakuntza dualaren aldeko apustua, gradu berriak sartzea eta irakaskuntza hiru hizkuntzatan garatzea dira ahalegin horren erakusgarri hoberenak. Ahalegin hori euskal gizarteak onartu eta baloratu du, matrikula-maila altuak ikusita. EHUazokaren aurtengo edizioan, gure proposamen akademikoa ikasleengana hurbilduko dugu, eta berriz ere interesatuko zaiola espero dugu”.

Zehazki, datorren ikasturterako onarpen-tramitean dagoen Biomedical Engineering graduak Bilboko Ingeniaritza Eskolako eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzaileak izango ditu bere irakasleen artean, ingeniaritza biomedikoaren helburua Osasun Zientzien arloko soluzio teknologikoak garatzea baita. Prestakuntza-ibilbide duala izango du, eta, horri esker, hirugarren ikasturtetik aurrera, ikasleek Ingeniaritza Biomedikoaren sektoreko enpresetan osatuko dute prestakuntza. Horri esker, harreman zuzena izango du Osakidetzarekin harreman estua duten profesionalekin, bai ingeniaritzaren arloan, bai osasunaren arloan.