Uniemakume

UPV/EHU, urte osoa neska eta emakume zientzialariak sustatzen (II)

Zientzien arloan, UPV/EHUn diharduten ikasleen artean orekatua da gizon eta emakumeen presentzia (% 54,02 emakumeak dira), nahiz eta diziplina batzuetan nabari den alderik. Fisikan ikasleen % 35 soilik dira emakumeak dira eta ingeniaritzetan, berriz, emakumeak dira Ingurumenarekin lotura duten titulazioetako ikasleen % 60. Matematiketan, ebidentzia adierazgarria dago generoen araberako joera eta rolei dagokienez. Joan den mendeko 80ko hamarkadatik XXI. mendeko lehen urteetara bitarte, emakumezko ikasleak nagusi ziren ikasgeletan. Baina, urte horietatik aurrera, eta mota horretako ezagutzen aitortza soziala eta merkatuko balioak gora egin duen neurrian (merkatu teknologikoen eta adimen artifizialaren zabalkundearen ondorioz), emakumezko ikasleen portzentajea behera egiten hasi zen nabarmen: gaur egun, % 35ekoa da Espainian. “Zorionez, Euskal Herriko Unibertsitatearen kasuan, matematikekin lotura zuzena duten titulazioetan orekatua da emakumeen eta gizonen presentzia” adierazi zuen Leiñenak.

Eva Ferreira errektoreak azpimarratu duenez, “errealitate horren aurrean, Euskal Herriko Unibertsitateak, aldaketa sozialaren eragile den aldetik, ahalegina egin behar du jendartean generoaren araberako rol eta joerak deseraikitzeko, Euskal Herriko emakumeak gai izan daitezen beren nortasuna garatzeko eta beren etorkizuna askatasun osoz aukeratzeko”. Horregatik, UPV/EHUren 2022-2025 urtealdirako plan estrategikoan berariaz jasota dago IV. Berdintasun Planaren funtsezko ardatz izango direla STEM bokazioen sustapena eta emakumeen lidergoa.

Hala, gai honen zabalkundea ez denez otsailaren 11ra soilik mugatzen, UPV/EHUk urte osorako programatu ditu jarduerak, generoaren araberako joera eta rolak ezabatzeko helburuz. Gauzak horrela, hainbat jarduera antolatu dira zientzia eta teknologia arloetan diharduten emakume profesionalen ikusgaitasuna eta aitortza sustatzeko, eta emakume gazteek emakumezko erreferenteak izan ditzaten bultzatzeko. Jarduera horietako bat da 'Euskal Emakumeak Zientzia eta Teknologian', otsailaren 10ean Metro Bilbaon inauguratu zen erakusketa. Beste bat da Generoa eta Zientziaren Komunikazioa, komunikazio inklusiboa lortzeko praktika eta tresna onenak ezagutaraziko duena. Bestetik, bestelako tailer eta ekintzak ere jarriko dira martxan, neskato eta nerabeek diziplina hauek ezagutzeko eta beren gaitasunak garatzeko aukera izan dezaten.