Unibertsitatea

UPV/EHU, unibertsitate inklusiboa (II)

Javier Navarro de Almeida
Publizitateko eta Harreman 
Publikoetako Graduko ikaslea
Kartela: 'Visibles'

“Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuaren eta kolektiboaren beraren garrantzia bistaratzea da nire kartelaren helburua, irudien bloke bateratu batean hutsune bat irudikatuta. UPV/EHUren gisako erakunde publiko batean horrelako zerbitzu bat izatea zer garrantzitsua den irudikatu nahi nuen, eta hortik sortu zen kartelaren ideia. Oso ohituta gaude zerbitzua ikustera eta, hortaz, normalizatuta dugu. Hori dela eta, hutsunearekin jolastu nahi izan nuen haren garrantziaz eta existituko ez balitz utziko lukeen hutsuneaz hausnartzeko. Hala, kartel honetan hutsunearen bidez irudikatuta dago unibertsitate inklusiboa, batasun solido eta egituratu bat osatzen duten askotariko irudien nahasketa batean. Falta denean ikusten da gehien. Hortik dator lanaren izenburua eta bertan ageri den titularra: 'Inoiz baino ikusgarriagoak'", dio Jaiverrek.

"Nire iritziz, lehiaketa mota hauetan saria da gutxienekoa. Garrantzitsuena auzia ikusarazteko modu berritzaileak eskaintzea dela uste dut. Halere, ezin dut ukatu harro egoteko modukoa dela nire lana aitortzea eta saritzea. Aurreko edizioan ere bigarren postuan geratu nintzen eta, aipatutakoaz gain, nire lanak eragina duela eta fruituak ematen dituela ikustea da pozgarriena. Unibertsitate inklusiboa ikuspegi sortzaile batetik eta denontzat irisgarria den ikuspegi batetik komunikatzen laguntzen duela ikustea. Hori dela eta, hurrengo edizioetan parte hartzera animatzen ditut denak, sormena probatzeko eta, batez ere, zerbitzuarekin, unibertsitatearekin eta pertsonekin kolaboratzeko”.

Juan Daniel Orozco Gamboa
Arkitekturaren Oinarrietako Graduko ikaslea
Kartela: 'Siente la inclusión'

“Kartelean hiru sinbolo ageri dira: begi bat, ezpain batzuk eta belarri bat. Komunikazioa eta pertzepzioa sinbolizatzen dituzte horiek. Hala, itxuratik harago begiratu eta esperientzien eta ikuspegien aniztasuna ezagutzera gonbidatzen gaituzte. Desgaitasuna duten pertsonek aurre egin beharreko esperientzien eta erronken aniztasuna islatzen dute hondoko askotariko kolore biziek. Laino moduko horrek iradokitzen du desgaitasuna ez dela estatikoa eta ez dutela muga zurrunek definitzen. Aldiz, malgua eta aldakorra da. “Sentitu inklusioa” leloaren bidez, pertsona guztiak onartzea eta baloratzea sustatzen du kartelak. Hala, pertsona guztiak modu berean onartzen eta baloratzen diren mundu inklusibo baten garrantziarekin konektatzera gonbidatzen gaitu, emozioen bidez".

"Nire ustez, inklusioa sustatzeaz gain, ekitaldi mota hauek ikusgarritasuna ematen diete gure gizartean sarri ikusezin bilakatzen diren pertsonei. Gainera, hezkuntza denentzat irisgarria den mezua nabarmentzen dute, norbanakoaren zirkunstantziak edozein izanik ere. Funtsezkoa da alor guztietan aukera berdintasuna sustatzea, eta lehiaketa hau pauso handi bat da norabide horretan. Saria oso ondo dago, baina, diruaz harago, lanaren aitorpena eta kartelak Euskadi osoko fakultateetan erakusgai egotea da atseginena”.